Gizartea -
Koronabirusa
Heriotzak % 15 hazi dira Euskadin maiatzaren 24ra arte
Datu hori Estatuko batez bestekoarena (% 24,1) baino txikiagoa da, nahiz eta Araban % 25,54 hazi ziren.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan heriotzak % 14,85 hazi ziren 2020ko lehen 21 asteetan, maiatzaren 24ra arte, aurreko urteko epe berarekin alderatuta. Portzentaje hori Estatuko batez bestekoarena (% 24,1) baino txikiagoa da, nahiz eta Araban % 25,54ko hazkundea izan.
Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) "operazio esperimental" baten datuak argitaratu ditu asteazken honetan, probintzia eta uharte bakoitzeko heriotza kopurua zenbatzeko. Hala, COVID-19aren pandemiaren testuinguruan herritarrentzat garrantzitsua izan daitekeen informazioa eskaini ahal izango da.
Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera, datu horiek heriotza-tasa islatzen dute, kausarik bereizi gabe. Beraz, ezin da zehatz-mehatz neurtu pandemiaren inpaktua, nahiz eta Espainian heriotzen gorakada nabarmena nabari den.
Euskadiren kasuan, heriotzen hazkundea % 14,85ekoa izan da. Araban % 25,54 igo dira heriotzak; Bizkaian, % 15,7, eta, Gipuzkoan, % 9,97.
10.657 heriotza zenbatu dira Euskadin, eta aurreko ekitaldiko asteetan, berriz, 9.279.
Euskadin, 90 urte eta gehiagoko pertsonen artean (776 hildako gehiago) eta 85 eta 89 urte bitartekoen artean (354 gehiago) izan da heriotza gehien.
Euskal Autonomia Erkidegoan heriotza gehien izan zituen astea 14. izan zen, hau da, martxoaren 30etik apirilaren 5era bitartean. 840 pertsona hil ziren orotara, eta 2019ko epe berean, berriz, 461 hil ziren.
Martxoaren 15az geroztik, hildakoen gorakada nabaria izan zen. 12. astean, 408tik 559ra igo ziren; 13an, 442tik 744ra; 15ean, 390tik 772ra eta 16an, 408tik 632ra.
Aste horretatik aurrera, hildakoen kopuruak behera egin du, eta orekatuagoak izan dira aurreko urtekoekin alderatuta. Aztertutako azken astean, 21ean, 391 pertsona hil ziren, eta aurreko urtean, berriz, 383.
Espainian, 2020ko lehen 21 asteetan 225.930 pertsona hil dira, hau da, 2019ko epe berarekin alderatuta, % 24,1 gehiago (43.945 pertsona gehiago).
Heriotza gehien izan dituen astea 14. izan da, 20.575 pertsona hil baitira, % 154,6 gehiago.
12. eta 16. asteetan, heriotza-kopurua % 50 baino gehiago hazi zen.
Adinaren arabera, Espainian, heriotzen igoera metatu handienak 90 urtetik gorakoen artean (12.824 heriotza gehiago) eta 85 eta 89 urte bitartekoen artean (10.006 heriotza gehiago) daude.
Autonomia erkidegoei dagokienez, urteko lehen 21 asteetan heriotza gehien zenbatu dituena Madrilgo Erkidegoa (% 72,7) da; ondoren, Gaztela-Mantxa (% 58), eta gero, Katalunia (% 41).
Bestalde, igoera txikienak Balear Uharteetan (% 0,5) eta Murtziako Eskualdean (% 1,1) izan dira.