Gizartea -
Jaien inguruko balantzea
Aurtengo Bilboko Aste Nagusia azken hamarkadako jendetsuena izan da
Ekitaldi guneetan milioi erdi pertsona baino gehiago bildu diraaurten, joan den urtean baino % 21 gehiago.
Erredakzioa
Amaitu berri den Bilboko Aste Nagusia azken hamarkadako jendetsuena izan da, Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jaietako zinegotziak esan duenez.
Ekitaldi guneetan milioi erdi pertsona baino gehiago bildu dira, joan den urtean baino % 21 gehiago. Honekin batera, egunero su artifizialak ikustera etorri diren milioika pertsona eta jai hasiera eta amairean parte hartu dutenak ere kontuan izan behar dira.
Herritarren parte hartzea eskertu du Urtasunek eta jaiek gero eta turista gehiago erakartzen dituztela azpimarratu du. Aste Nagusian Bilboko hotelak % 85 bete dira.
Turisten kopurua % 13,2 igo da jaietan. Espainiako hainbat lekutatik etorritako bidaiarien kopurua ere % 18 hazi da. Frantziatik eta Kataluniatik etorri dira bidaiari gehien.
Jaietako zinegotziak ekitaldi kopuru handia azpimarratu du, eta “musika egitarau bikaina” izan dela esan du. Honekin batera, doako kontzertuak egitearen aldeko apustua berretsi du.
Herritarren segurtasunari dagokionez, gertaera larririk ez dela egon azpimarratu du zinegotziak. Lapurretak eta indarkeriazko gertakariak % 24 gutxitu dira, eta diru-zorroen lapurrak ere % 11 murriztu dira aurten.
Urtasunek harro agertu da jaien balorazioa egiterakoan, eskerrak eman dizkie herritarrei eta Udaleko Zerbitzuetako lankideei, eta “parte-hartzea bikaina” izan dela gaineratu du.