Gizartea -

Kazetaritza

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 32. edizioak Xabier Lete omenduko du

Azaroan ezagutuko dira irabazleak, “Xabier Lete gogoan” goiburupean Andoainen sariak banatzeko egingo den ekitaldian.

Xabier Lete. Argazkia: EiTB.
Xabier Lete
Xabier Lete. Argazkia: EiTB.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren deialdia egin du Andoaingo Udalak, eta deialdiaren xehetasunak aurkeztu ditu prentsaurrekoan. Irabazleak nortzuk diren azaroaren 26an jakingo da, Andoaingo Bastero kulturgunean sariak banatzeko egingo den ekitaldian, “Xabier Lete gogoan” goiburupean; izan ere, Xabier Lete poeta eta kantariaren oroimena gogora ekarri nahi du Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak, haren heriotzaren hamargarren urteurrenaren atarian.

XXXII. edizioa da aurtengoa, eta, iaz hasitako berrikuntzei jarraikiz, aurten ere bi sari izango dira: “Kazetaritza saria” eta “Komunikazio saria”. Gainera, finalistak ere izendatuko dituzte; Kazetaritza sarirako lau eta Komunikazio sarirako beste lau, gehienez.

“Euskararen normalizazioak ezinbestez behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua”: hori da Andoaingo Udalak urtero gogorarazten duen mezua eta Kazetaritza Sari hau hogeita hamabi urteotan antolatzeko arrazoia. Andoaingo Udalak deitu eta antolatzen duen sari honek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren dirulaguntza jasotzen du, urtero bezala, baita aurten ere.  

Mikel Arregi Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi eta alkateordeak azaldu duenez, “ohiko kazetaritzari bizkarra eman gabe, sare sozialetako komunikazioan ere jarri nahi dugu fokua.  “Kazetaritza saria”, berriemailetzari eta kazetaritzaren ezaugarri eta irizpideei estuki lotua izango da, eta bestea, “Komunikazio saria”, euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitzeko bidean egindako urrats esanguratsu eta berritzaileak sarituko dituena”.

Arregiren esanetan, “euskara indartuko dugu gure bizimodua errazteko balio digun neurrian, eta horregatik da premiazkoa herritarron eguneroko bizimoduan hain garrantzitsuak diren kazetaritza eta komunikazioan euskarazko sorkuntza, zabalkundea eta kontsumoa sendotu eta areagotzea. Helburu horren alde gure aletxoa jarri nahi dugu Rikardo Arregi Kazetaritza Sariarekin”.

Aurtengo edizioaren oinarrien xehetasunak aurkeztu ditu Patxi Baztarrika epaimahaiaren idazkariak. “Kazetaritza saria”ri dagokionez, 2019ko irailaren 16tik 2020ko irailaren 15era arteko tartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren kazetaritza-lanek izango dute saria eskuratzeko aukera. Saria 9.000 eurokoa da, eta Xabier Lakak Sarirako berariaz egindako irudi artistikoa.

Eta “Komunikazio saria” eskuratzeko aukera izango dute, euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailetzat jotzen direnek. Betiere, 2019ko irailaren 16tik 2020ko irailaren 15era bitartean euskaraz sortu, ekoitzi eta, kasua bada, zabaldutako komunikazio ekintza bat, komunikazio proiektu bat edo komunikazio proposamen bat izan beharko du nahitaez. “Komunikazio saria” ere diru kopuru bera izango da, eta eskultore berdinak egindako irudi artistikoa. Gehienez ere, zortzi finalista izango dira, eta finalistek, saridunek izan ezik, Xabier Lakak beren-beregi Rikardo Arregi Kazetaritza Sarirako sortutako irudiaren serigrafia jasoko dute.

Saridun izateko hautagaitzak (kazetaritza edo komunikazio lanak) 2020ko irailaren 18ra bitartean aurkez litezke, proposamenak Andoaingo Udalera posta arruntez bidaliz edota helbide elektroniko honetara igorriz: raks@andoain.eus. Finalista edo sariduna izateko ez da, halere, ezinbestekoa izango hautagaitza aurkeztea, epaimahaiak aukera osoa baitu bere proposamen propioak eztabaidatzeko eta jasotako proposamenen eta epaimahaikideek beraiek egin eta eztabaidatutakoen artean finalistak eta sariak erabakitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Kultura Andoain Albisteak Literatura Kazetaritza