Gizartea -
Eustaten datuak
21.542 pertsona hil ziren EAEn 2019an, jaio zirenak baino 6.142 gehiago
Eustaten behin-behineko datuen arabera, iaz hazkunde begetatibo negatiboa izan zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: 6.142 heriotza gehiago izan ziren jaiotzak baino.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 21.542 pertsona hil ziren 2019an, 10.794 emakume eta 10.748 gizon, aurreko urtean baino % 0,9 gutxiago, Eustat euskal estatistika erakundeak astelehen honetan jakinarazi dituen behin-behineko datuen arabera.
Iazko heriotzen artean, 43 izan ziren urtebetetik beheragoko haurrenak, 19 neskato eta 24 mutikorenak, aurreko urtean baino bederatzi gutxiago, 2018an urtebetetik beherako 52 ume hil baitziren.
Bestalde, ehun urte edo gehiagoko 306 pertsona hil ziren joan den urtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 248 emakume eta 58 gizon, hau da, 2018an baino hiru emakume gutxiago eta 14 gizon gehiago.
Modu honetan, behin-behineko datuen arabera, hazkunde begetatiboa negatiboa izan zen EAEn, 6.142 heriotza gehiago izan baitziren jaiotzak baino. Lurraldeka, Bizkaiak 4.251 biztanle galdu zituen, Gipuzkoak 1.721 eta Arabak 170.