Gizartea -
Leioa
Metro Bilbaok Lamiakoko geltokiko bigarren sarbidea irekiko du gaur
Horrela, geltokirako irisgarritasuna hobetuko zaie Leioako Txorierri auzoan bizi diren 2.000 pertsona baino gehiagori. Sarbidea txukuntzeko lanek sei hilabete iraun dute.
Agentziak | Erredakzioa
Metro Bilbaok Leioako Lamiako auzoko geltokiko bigarren sarbidea irekiko du gaur, ostirala, Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) sarbidea txukuntzeko lanak amaitu ostean. Zehazki, sei hilabeteko iraupena eta 337.000 euroko kostua izan dute lan horiek, Metro Bilbaok ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Sarbide berri horri esker, geltokiak lotura hobea du Lamiako eta Txorierri auzoak lotzen dituen udal-igogailuarekin. Sarbide berriak Metro Bilbaoren geltokietan ohikoak diren instalazio guztiak ditu, besteak beste, bideozaintza-sistemak, arrotzik ez sartzeko neurriak eta 0txartelak saltzeko eta balioztatzeko makinak, garrantzitsuenak aipatzearren.
Horrela, Leioako Udalak inguruko auzo-elkartearen nahia kontuan hartuz helarazitako eskaerari konponbidea eman dio Bizkaiko Garraio Partzuergoak.
Lamiako auzoko geltokirako bigarren sarbideak, duela gutxi martxan hasi den udal igogailuarekin batera, Txorierri auzoa Lamiakoko geltokiarekin lotzea osatzen du. Horrela, geltokirako irisgarritasuna hobetuko zaie Leioako auzo horretan bizi diren 2.000 pertsona baino gehiagori.
Metro Bilbaok azaldu duenez, Bizkaiko Garraio Partzuergoak 917.560 euro bideratu ditu igogailua eraikitzeko lanetara. Hala, bi jarduketek 1.254.560 euroko kostua izan dute.
Lamiakoko geltokiak 312.400 bidaia baino gehiago erregistratu zituen 2019an, eta, orain, Txorierri auzoarekin hobeto lotuta dagoenez, joan-etorri gehiago izango direla aurreikusi du Metro Bilbaok.