Gizartea -

KORONABIRUSA

12 hildako EAEn eta bost Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz

Azken 24 orduetan 13 pertsona baino ez dira kutsatu Euskadin eta 18 Nafarroan. Zainketa intentsiboetako unitateetan daudenen kopuruak ere behera egin du.

Grafikoa: ETB
Koronabirus datuen grafikoa
Grafikoa: ETB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, 12 pertsona hil dira EAEn azken orduetan, aurreko txosteneko hildako kopuru bera; beraz, COVID-19aren osasun krisia hasi zenetik 1.353 pertsona hil dira Euskadin, Espainiako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.

Kutsatu berrien kopuruak behera egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan eta azken orduetan 13 pertsona baino ez dira kutsatu, aurreko egunean baino bat gutxiago.

Pandemia hasi zenetik 16.426 kasu baieztatu dituzte, eta horietatik % 74,6 berreskuratuta edo alta emanda daude. Guztira, 12.251 pertsona sendatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan.

Oraindik 619 pertsona daude ospitaleratuta: horietatik 534 ospitaleko gela arruntetan eta 85 zainketa intentsiboetako unitateetan. Hala, bi gaixo gutxiago daude zainketa intentsiboetako unitateetan.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 4.288 positibo daude Araban (144 ospitaleratuta), 9.351 Bizkaian (3558 ospitaleratuta) eta 2.787 Gipuzkoan (120 ospitaleratuta).

Euskadin, 110.956 PCR eta 57.435 test azkar edo serologiko egin dituzte guztira. Atzo, 20:00ak arte, 4.598 proba egin zituzten.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Euskadin koronabirusaren transmisioa prebenitzeko gomendioen gida aurkeztu du gaur eguerdian, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Liburuxka horrek, gomendio orokorrez gain, lantokietan jarraitu beharreko jarrerari buruzko informazio erabilgarria biltzen du; hau da, nola eta non erabili behar den maskara edo zer babes-neurri hartu behar diren garraio publikoan edo erosketetara joatean.

Sailburuak erantzunkidetasuna eta erne egotea eskatu du berriro: "Denok jarraitu behar ditugu gomendioak, epidemiak joera onean jarraitzea izango baita horren araberakoa".

Gidan azpimarratzen da arrisku-taldeek (haurdunak, 60 urtetik gorakoak eta aurretiko gaixotasunak dituzten pertsonak, hala nola hipertentsio arteriala, gaixotasun kardiobaskularrak, diabetesa, biriketako gaixotasun kronikoak, tratamendu aktiboko minbizia edo immunodepresioa) arreta-neurriak zorroztu behar dituztela .

Nafarroak beste 18 kasu berri antzeman ditu PCR bidez azken 24 orduetan, hau da, % 0,4 gehiago, eta guztira 471 pertsona hil dira Foru Erkidegoan.

Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, bost kasu berri ospitaleratu behar izan dituzte, horietako bat zainketa intentsiboetako unitatean.

Hala, Nafarroan, 4.936 kasu diagnostikatu dituzte PCR bidez, eta 6.561, bi proben emaitzak batuta.

Pandemia hasi zenetik ospitaleratu behar izan duten gaixoak 1.995 izan dira, eta horietatik 134k zainketa intentsiboetako unitateen zerbitzuak behar izan dituzte.

Hala ere, pandemia hasi zenetik 2.562 pertsona (kaltetuen % 39,05) sendatu dira.

Diagnostikatutako 6.561 pertsonetatik, % 50,97 (3.344 pertsona) etxean ari dira gaixotasuna pasatzen, % 1,91 (125) ospitaleratuta daude, % 0,34 (22) etxeko ospitaleratzean, eta % 0,56 (37) zainketa intentsiboetako unitateetan; gainera, % 39,05 (2.562) sendatutzat jotzen da eta % 7,18 (471) hil egin da. Nafarroako zainketa intentsiboetako unitateek bi ospitaleratze gutxiago izan dituzte COVID-19arekin, eta 10 alta eman dituzte azken 24 orduetan.

Nafarroako Osasun Sistemako profesionalei dagokienez (publikoa eta pribatua), atzo ez zen kasu berririk diagnostikatu. Orain arte, osasun alorreko 906 profesional kutsatu dira guztira.

Heriotzen eta kutsaduren igoera txikia Espainian

Koronabirus berriak eragindako heriotzek eta baieztatutako kasuek igoera txiki bat izan dute azken 24 orduetan: 185 hildako izan dira, astelehen honetan baino 21 gehiago, eta COVID-19aren ondorioz hildako kopurua 25.613ra igo da.

PCR bidez baieztatutako kasuen kopuruari dagokionez, Osasun Ministerioak argitaratutako azken txostenak erakusten du 219.329 pertsonak eman dutela positibo, hau da, 867 kasu gehiago 24 orduan; astelehenean detektatutako 356 kasuak baino askoz gehiago. Dagoeneko 43.956 osasun-profesional kutsatu dira; 123.486, berriz, sendatu dira.

Autonomia-erkidegoen datuak aztertuta, eta pandemia hasi zenetik gertatu den bezala, Madrilgo Erkidegoa da kaltetuen kopuru handiena duen eskualdea, 62.989 kaltetu daude dagoeneko, eta ondoren Katalunia dago, 50.771 pertsona kutsatu baititu.

Heriotzek eta kasu berriek igoera txiki bat izan dute espainiar Estatuan
Heriotzek eta kasu berriek igoera txiki bat izan dute espainiar Estatuan
Heriotzek eta kasu berriek igoera txiki bat izan dute espainiar Estatuan

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude. Maskarak nahitaezkoak dira garraio publikoan.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Espainia Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea gaur