Gizartea -

KORONABIRUSA

11 hildako EAEn eta bat Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz

Martxoaren 18tik egun bakarrean izandako hildako kopururik txikiena da EAEn. Nekane Murgak pandemiaren datuak "pixkanaka hobetzen ari direla" azpimarratu du.

Osasun alertaren zazpigarren astea. Argazkia: EFE
Gurutzetako ospitaleko osasun langilea eta gaixo bat
11 hildako COVID-19arekin EAEn, martxoaren 18tik kopururik baxuena

2:41

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, 11 pertsona hil dira EAEn azken orduetan, martxoaren 18tik egun bakarrean izandako hildako kopururik txikiena da. Guztira, 1.241 lagun hil dira EAEn pandemia hasi zenetik, Nekane Murga Osasun sailburuak astelehen honetan jakitera eman duenez.

Euskadin 97 positibo berri zenbatu dituzte; hortaz, 14.412 kutsatu daude orotara. Euskadik, guztira, 83.288 PCR azterketa eta 31.626 test azkar egin ditu. Atzo, guztira, 3.038 test egin ziren.

Osasun Ministerioaren datuen arabera, EAEn 12.513 positibo zenbatu dituzte; izan ere, igande honetatik aurrera, Ministerioak kasu berriak zenbatzeko modua aldatu du, eta PCR probak baino ez ditu kontuan hartzen, test azkarrak alde batera utzita; Jaurlaritzak, berriz, bi balio horiek batzen ditu.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 3.624 positibo daude Araban (140 ospitaleratuta), 8.189 Bizkaian (415 ospitaleratuta) eta 2.599 Gipuzkoan (161 ospitaleratuta).

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz, 716 pertsona ospitaleratuta daude.

Azken orduetan, sendatu diren edo alta jaso duten pertsonak 238 izan dira; beraz, 9.840 pertsona sendatu dira (baieztatutako kasu guztien % 68). Nekane Murgak pandemiaren datuak "pixkanaka hobetu" direla azpimarratu du.

Datozen asteotan Euskadin aldi berean gauzatuko diren bi ekimen martxan izango direla esan du Osasun sailburuak, COVID-19aren aurrean euskal herritarren immunitate-mapa osatzeko.

Hala, baieztatu duenez, gaur goizean bertan Osakidetzako osasun-zentroetan Osasun Sailak sustatutako baheketa-planean aurreikusitako odol-ateratzeak egiten hasi dira, epidemiaren fase gogorrenean erakutsitako sintomengatik koronabirusa zutela diagnostikatutako pertsonen artean benetan zenbatek izan zuten jakiteko eta, beraz, antigorputzak sortu dituzten zehazteko. Guztira, klinikoki 4.147 lagun diagnostikatu zituzten COVID-19arekin otsailaren 28a eta apirilaren 15a bitartean.

Pandemia hasi zenetik, Nafarroan, 4.733 kasu positibo zenbatu dituzte PCR probaren bidez; hau da, 21 pertsona gehiago azken 24 orduetan. Test azkarren bidez, aldiz, 13 positibo gehiago zenbatu dituzte, eta guztira 5.486 kutsatu daude Foru Erkidegoan. Halaber, 1.918 pertsonak gainditu dute COVID-19a Foru Erkidegoan (83 gehiago).

Azken 24 orduetan, pertsona bat hil da; beraz, guztira 432 pertsona hil dira Nafarroan COVID-19aren ondorioz. Zenbatutako kasuen artean, 304 ospitalean hil dira eta 128 ospitaletik kanpo. Hildako 432 pertsona horiek 26 eta 107 urte artean zituzten, eta batez beste 83 urte.

Nafarroako kasu positibo guztietatik, 3.136 baieztatutako kasuak dira. Baieztatutako kasu horietatik guztietatik, 188 ospitaleratuta daude, 59 etxean, eta 45 zainketa intentsiboetan; gainerako 2.844ak ohiko bizilekuan daude jarraipena egiten. 1.918 pertsona sendatu eta 432 hil dira.

Foru Gobernuak jakitera eman duenez, azken orduotan ez dute paziente berririk ospitaleratu eta 1.942 dira COVID-19ak jota ospitalean daudenak. Pandemia hasi zenetik 130 gaixo sartu dituzte zainketa intentsiboetako unitateetan, eta 45 gaixo daude oraindik horietan.

Intzidentziari dagokionez, Foru Erkidegoan 100.000 biztanleko 97,98 kutsatze izan dira azken 14 egunetan.

Ipar Euskal Herria

Ipar Euskal Herriko egoera zein den zehaztea, berriz, ez da erraza. Agintariek ez dute Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari buruzko datu ofizialik ematen. Pirinio Atlantikoko eta Akitania Berriko datuak soilik eskaintzen dituzte.

Franck Dolosor ETBko kazetariak bildutako informazioaren arabera, COVID-19 gaitzaren ondorioz, 22 lagun hil dira Baiona eta Paueko ospitaleetan eta 294 Akitania Berrian.

Beste 15 pertsona hil dira Pirinio Atlantikoetako zaharren egoitzetan eta 103 Akitania Berrian.

Baionako ospitalean gutxienez bi pertsona hil dira, horien artean Landetako gizon bat. Duela gutxi Italia iparraldera autobusez bidaiatu zuen 66 urteko gizon bat hil da Paueko ospitalean. Ez dira gaixotasunari aurre egiteko azterketa masiboak egiten saiatuko, nahiz eta herritar askok gaixotasunaren sintomak sentitzen dituzten. Mediabasken arabera, Atharratzeko beste bizilagun bat ere hil da.

Hildako gehienak patologia ugari zituzten adin handiko herritarrak dira, baina hildakoen artean 44 urteko pertsona bat ere badago. Informazio ofizialik ez dagoenez, prentsak jakinarazi du gaitzaren bi gune daudela Atharratzen eta Bokalen, eta hainbat gaixo egon direla Baiona, Biarritz eta Iholdiko hiru zahar etxetan.

Espainiak 331 hildako zenbatu ditu, atzoren aldean

Espainian guztira 209.465 kasu zenbatu dituzte, hau da, bezperan baino 1.831 gehiago, Osasun Ministerioak astelehen honetan argitaratutako txostenaren arabera. Guztira 23.521 pertsona hil dira (331 gehiago azken 24 orduetan) eta 100.875 sendatu dira (2.144 gehiago). Epidemia hasi zenetik, 37.994 osasun-langile kutsatu dira.

Hala, duela hilabete, martxoaren 21ean, jakinarazi zutenaren antzeko heriotza kopurua zenbatu dute astelehen honetan. Hala ere, heriotzak areagotu egin dira bezperakoekin alderatuta, orduan 288 hildako izan baitziren. Kasu kopuruari dagokionez, datuak antzekoak dira bezperakoekin alderatuta (1.729 kutsatze berri).

COVID-19a zuten 331 pertsona hil dira azken orduetan espainiar Estatuan
COVID-19a zuten 331 pertsona hil dira azken orduetan espainiar Estatuan
COVID-19a zuten 331 pertsona hil dira azken orduetan espainiar Estatuan

1:53
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta/edo garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa