Gizartea -
Kantabriako herri batean
Baso suteak piztu zituen pertsona bat, Ingurumen zinegotzi
Sei hilabeteko kartzela-zigorra eta 1.800 euroko isuna ezarri zioten 2006ko otsailean, Kantabriako baso batean sutea piztu zuela aitortu ostean.
Erredakzioa
Kritikak laster heldu dira Kantabriako herri bateko alkate berriak hartu duen erabaki baten harira. Las Rozas de Valdearroyoko alkateak piromano bat izendatu du Ingurumen zinegotzi. Alderdi Popularrekoa da eta hango mendi batean sutea eragiteagatik auzipetu eta zigortu zuten 2006an.
PRC alderdiak zalantzak agertu ditu erabakiaren aurrean. Ez dute José Carlos Lantarón Pérez erantzukizun hori aurrera eramateko gai ikusten, arlo polemikoa baita herrian ingurumena.
Sei hilabeteko kartzela zigorra eta 1.800 euroko isuna ezarri zioten 2006ko otsailean Lantarón Perezi, epaiketa egin baino lehen bere burua erruduntzat jo ondoren, baso-sutea pizteko delitua egotzita. Zinegotziak epailearen aurrean onartu zuenez, 2001eko azaroan lau sute piztu zituen. Hijedo mendian (Kantabriako basogune garrantzitsuenetakoa) 0,4 hektarea pinu eta 1,88 hektarea sasi erre ziren, eta Dehesa y Aviejadas mendian 1,88 hektarea haritz eta 0,88 hektarea pinu.