Gizartea -
Koronabirusa COVID-19
270 hildako dagoeneko Gipuzkoako eta Arabako adinekoen egoitzetan
Azken bi egunetan beste 10 adineko hil dira Gipuzkoan eta beste bi Arabko egoitzetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak jakinarazi duenez, azken bi egunetan Gipuzkoako erresidentziatan bizi ziren beste 10 adineko hil dira koronabirusarekin, beste 34k positibo eman dute, eta beste 38 gaitza gainditu eta sendatu dira.
Gauzak horrela, 102 adinekok alta jaso dute; hildako kopuru osoari dagokionez, 137 dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetan izandako hildakoak, eta 276 kutsatu direnak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar baten bidez azaldu duenez, Aldundiko 65 erresidentzietatik 16tan izan dira koronabirus kasuak.
Gainera, Arabako egoitzetan beste bi hildako izan dira azken 24 orduetan, koronabirusarekin. Ondorioz, 133 dira Arabako erresidentziatan hildako adinekoak. Gainera, beste 66k gaitza gainditu dute.
Hildako 133 lagunetatik 73k egoitza pribatuetan bizi ziren, 58 Aldundiko erresidentzietan eta gainerako biak udal azpiegituretan.
PPren kritikak
Bestalde, PPren iritzian, COVID-19aren pandemiak "krisi are handiagoa eragin" duela Gipuzkoako adinekoak zaintzeko ereduan. Ondorioz, adinekoek etxean eta erresidentzietan jasan behar duten arretari buruz "hausnarketa sakona" abiatzeko eskatu dio Aldundiari.
Juan Carlos Cano Gipuzkoako Batzar Nagusietako PPko bozeramaileak ohar baten bidez adierazi duenez, koronabirusaren krisiak agerian utzi ditu egoitzetan beharrezkoak diren "higiene eta prebentzio maila mantentzeko zailtasunak".
"Adinekoen egoitzak babes-etxe bezala ikusten dute askok; nolabaiteko estigma horrek eta koronabirusaren eraginak adinekoen egoitzetako ospe sozialari kalte egiten diote", azpimarratu du Canok. Amaitzeko, gogoratu du koronabirusarekin Gipuzkoan hildakoen % 75 adinekoen egoitzetan bizi zirela.