Gizartea -

KORONABIRUSA

36 hildako EAEn eta 9 Nafarroan koronabirusa dela eta, azken 24 orduotan

COVID-19 gaitzak, orain arte, 765 hildako utzi ditu Euskal Autonomia Erkidegoan eta 227 Nafarroan.

Nekane Murga gaur.
Nekane Murga gaur.
45 hildako gehiago izan dira EAEn eta Nafarroan

1:22

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

36 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan azken 24 orduetan koronabirusarekin, ostiralean baino lau gutxiago, eta 412 positibo berri izan dira, bezperan baino 115 gehiago.

Espainiako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, guztira 765 lagun dira Euskadin COVID19arekin hildakoak.

Era berean, birusa detektatzeko probetan erregistratutako positibo berriak batuta, 10.515 dira jada kutsatuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Lurraldeka eman ditu datuak Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak:

Araban 2.990 kasu positibo daude, eta 219 ospitaleratu dituzte.

Bizkaian 5.651 kasu positibo daude, eta 893 ospitaleratu dituzte.

Gipuzkoan 1.874 kasu positibo daude, eta 279 ospitaleratu dituzte.

Nekane Murgak datuen bilakaera positiboa nabarmendu nahi izan du. Hala, gero eta paziente gutxiago daudela ospitaleetan nabarmendu du. Gaur egun1.381 pertsona daude ospitaleratuta, duela 10 egun baino 500 pertsona gutxiago, eta zainketa berezien unitateetan ere egoera egonkortzen ari dela esan du. Datuak begiratuta, joera aldaketa bat dagoela esan daitekeela ere gaineratu du.

Galderen txandan, positibo eman duten osasun-langileek sintomarik gabe 5 egun daramatzatenean lanera itzultzeko Osakidetzak hartu duen erabakiaz galdetu diote, testak positibo eman arren (gaur bertan Euskadi Irratian mediku batek salatu du bere kasua).

Murgak esan du irizpide teknikoen arabera hartu dutela erabaki hori, "irizpide kliniko eta osasun laboralekoak kontuan hartuta". Hala, PCR Testak oso "sentiberak" direla adierazi du, eta gaitza igaro eta ondorengo asteetan ere positibo ematen jarrai dezaketela pertsona horrek jada kutsatzeko gaitasunik ez badu ere. Gainera, badaezpada ere, bueltatzera behartzen dituzten langileak ez dituztela pazienteekin lanean jartzen esan du eta maskarila daramatela.

Azkenik, erabakia kasuz kasu hartzen dela zehaztu du, ez kasu guztietan, eta "hau ez duela Osakidetzak bakarrik" egiten defendatu du.

Kutsatze berriek beheraka jarraitzen dute Nafarroan

Nafarroan, 69 kasu positibo gehiago izan dira azken 24 orduetan, eta 9 pertsona hil dira.

Nafarroako Gobernuaren arabera, azken egunean guztira 38 ospitale-alta eta 43 alta epidemiologiko izan dira COVID-19 kasuetan; beraz, ospitaleratutako pazienteen kopuruak behera egiten jarraitzen du.

Atzo 21 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten. Hala, COVID-19agatik ospitaleratutako pertsonak 452 dira, bezperan baino 24 gutxiago. Horietako 75 zainketa intentsiboetan daude.

Gainera, 112 pertsona etxeko ospitalizazioa delakoarekin daude.

Guztira, 3.817 kasu diagnostikatu dira. Hildakoak 26 eta 99 urte arteko 227 lagun dira, 81 urteko batez besteko adinarekin.

14 hildako Iparraldean

Ipar Euskal Herria eta Biarno batzen dituen Pirinio Atlantikoetako Departamentuan, berriz, 14 pertsona hil dira, koronabirusaren krisia hasi zenetik, Eriz Spitz Frantziako Gobernuaren ordezkariak atzo goizean baieztatu zuenez. "Epidemia menperatu dugu gure lurraldean baina erne egon behar dugu beti", gaineratu zuen prefetak.

Bideokonferentziaz egindako agerraldian, eskerrak eman nahi izan zizkien sendagile, garbitzaile eta etxean dauden herritarrei, bere hitzetan, konfinamenduari esker bizi bat salbatzen baita zortzi minututik behin.

Ipar Euskal Herriko datuen jarraipen zehatza, Franck Dolosorrek

510 heriotza izan dira Espainian azken 24 orduetan, 19 egunetako kopururik txikiena

Guztira 161.852 koronabirus kasu daude Espainian, ostiralean baino 4.830 gehiago, Osasun Ministerioak argitaratutako azken datuen arabera. 16.353 pertsona hil dira (510 gehiago azken 24 orduetan) eta 59.109 sendatu dira (3.441 gehiago).

Martxoaren 23tik (duela 19 egun) izan den hildako kopururik txikiena da hau, 462 hildako zenbatu baitziren orduan.

Madrilgo erkidegoa da gaitzak kaltetuena, 45.849 kutsaturekin (horietatik 6.084 hil egin dira); eta ondoren, Katalunia: 32.984 positibo eta 3.331 heriotza.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa