Gizartea -
Koronabirusa
Topoak eta Gasteizko tranbiak murriztutako zerbitzuak izango dituzte astelehenetik
Topoaren zerbitzua % 38 murriztuko dute, eta Arabako hiriburuko tranbiarena, aldiz, % 50.
Agentziak | Erredakzioa
Topoaren (Lasarte-Oria – Irun Ficoba) eta Gasteizko tranbiaren lineetako maiztasunak murriztuko ditu Euskotrenek hilaren 6tik, hau da, hurrengo astelehenetik, "ohiko zerbitzuaren errefortzua" kenduta. Murrizketa ezarrita, Topoaren zerbitzua % 38 murriztuko dute, koronabirusaren krisiaren aurreko eskaintzarekin alderatuta, eta Arabako hiriburuko tranbiarena, aldiz, % 50.
Euskotrenek ostiral honetan ohar batean jakinarazi duenez, COVID-19 gaitzak eragindako alarma-egoeran ezartzen ari diren murrizketen testuinguruan daude oraingo hauek; izan ere, "eskaintza egokitzen ari dira".
Gogora ekarri duenez, Bizkaiko zerbitzuetan ere izan dira murrizketak, bai eta Gipuzkoako beste batzuetan ere, eta Bilboko eta Gasteizko tranbian. Guztira, garraiobide guztiak kontuan izanik, murriztapena % 45ekoa da, gutxi gorabehera, ohiko maiztasunei erreparatuta.
Euskotren eta ETS kudeatzaileak nabarmendu dutenez, kutsadurak saihesteko, euren azpiegitura eta trenetan “sakontasun handiko garbiketa-lanak ari dira egiten”; halaber, ohiko bulegoetan ematen duten aurrez aurreko arreta bertan behera utzi dute, eta bidaiariek telefonoz eta web orriaren bidez egin ditzakete beharrezko kontsultak eta gestioak.