Gizartea -
Koronabirusa
Dagoeneko 268 euskal herritar itzuli dira Euskadira, bidaia kudeatu ostean
Perutik beste bi hegaldi prestatzen ari direla jakinarazi du Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak; bata gaur bertan aterako da eta bestea bihar.
eitb.eus
Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia elkarrizketatu dute gaur Radio Vitorian, eta koronabirusaren krisiaren ondorioz "hainbat herrialdetan harrapatuta" geratu diren eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri diren euskal herritarren datu eguneratuak eman ditu.
Hain zuzen ere, 430 lagun jarri dira Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan; horietatik 268 Euskadira itzuli dira jada, eta 23k dauden herrialdean geratzea erabaki dute.
Gainera, Limako kontsulatu espainiarrarekin harremanetan jarri ostean, Perutik beste bi hegaldi prestatzen ari direla jakinarazi du Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak; bata gaur bertan aterako da eta bestea bihar. "Espero dut blokeatuta geratu diren euskal herritarrak gaur eta bihar artean itzultzea", adierazi du.
Elkarrizketan, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak azaldu du euskal herritarrak bost kontinenteetako herrialdeetan daudela harrapatuta, baina Peru, Zeelanda Berria eta Australia aipatu ditu horien artean.
Elorzaren hitzetan, harrapatuta dauden pertsonen arazo nagusiak hauek dira: hegaldiak bertan behera uztea aire-trafikoan murrizketak daudelako, mugak erabat ixtea eta herrialde batzuetan barne mugimenduan mugak egotea.
Era berean, blokeatuta geratu diren pertsonen artean bereizketa egin du: batetik, turismoa egiten ari ziren pertsonak daude, gehienak, eta, bestetik, ikasketak, bekak, lankidetza eta abar direla-eta aldi baterako atzerrian bizi direnak.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak gogorarazi du nola jokatu behar den atzerriko herrialde batean harrapatuta egon eta Euskadira itzultzeko arazoak izanez gero. Hala, azaldu duenez, harrapatutako pertsonak gertuen duen kontsulatuarekin jarri behar dute harremanetan larrialdietarako telefonoaren bidez, larrialdi kontsularren telefono bidez; eta kontsulatuarekin harremanetan jarri ezin bada, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzarekin jar daiteke harremanetan kanpolarrialdiak@euskadi.eus helbide elektronikoaren bidez edo 945 01 81 26 telefono-zenbakiaren bidez, eta han erantzungo diete euren eskaerei eta galderei.