Gizartea -
Hizkuntza-eskubideak
Behatokia eta Kontseilua, Osakidetzaren lan-eskaintzarekin 'haserre'
Bi erakundeen hitzetan, "atzerapauso onartezina" da eta herritar euskaldunen hizkuntza-eskubideen urraketa betikotu egiten du.
Erredakzioa
Kontseiluko eta Behatokiko arduradunak "haserre" agertu dira komunikabideen aurrean Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aurkeztutako lan-eskaintza publikoak baloratzerakoan: "Beste behin osasun-zerbitzu duina jasotzeko eskubideen urraketak beste behin betiko dituen erabakia hartu dute", adierazi dute.
Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak adierazi duenez, hurrengo asteetan Jaurlaritzak argitaratuko dituen deialdi guztiak banaka aztertuko ditu eta "aukerarik egonez gero, auzitara joko" duela iragarri du.
"Suposatzen dugu legearen bermea izango dutela deialdiek, baina nahiko genuke Jaurlaritzako ordezkariek azaltzea zergatik eman dituzten atzerapausoak, eta zergatik betikotuko dituzten herritarren oinarrizko eskubideak.", gaineratu du Petriatik.
Kontseilua
Paul Bilabao Kontseiluko idazkari nagusiak Bengoa sailburuari gogorarazi dio: "Osakidetzan hogei urteko atzerapenaz etorri zela euskararen normalizaziorako Dekretua, 2003an hain zuzen ere, eta euskara-plana 2005ean. Lehen aldiz 2006an izan zen lanposturen batean derrigorrezko euskara ezagutzea, ordura arte euskararen balorazioa sinbolikoa zen. Hori guztia sailburu batek jakin beharko luke, eta beraz ez diogu onartzen normalizazio prozesua arin egiten ari dela argudiatzea."
Gauzak horrela, Bilbaok euskaraz bizitzeko nahia irmoki aurrera eramateko deia egin nahi izan dio gizarteari. "Euskaraz bizitzeko nahiari irmotasun osoz eutsi behar diogu, bai eta osasun-zerbitzuan ere", adierazi du idazkari nagusiak.