Gizartea -
Enplegu Publikoko Eskaintza
EAJ: 'Osakidetzako oposizioetako aldaketak PP pozik uzteko egin dira'
Aralarren ustez, Gobernuak "ez du onartzen herri honetan bi hizkuntza ofizial daudela" eta LABek "hizkuntza-eskubideei egindako erasoa" salatu du.
Erredakzioa
Osakidetzako Enplegu Publikoko Eskaintzan euskararen garrantzia murrizteko erabakiak PP pozik uzteko helburua duela iritzi dio Legebiltzarreko EAJko taldeak; izan ere, "gai hori oinarrizkoa izan zen PPk Patxi Lopezi Lehendakaritza emateko".
Josune Gorospe eta Garbiñe Mendizabal legebiltzarkideen arabera, Rafael Bengoa Osasun sailburuaren erabakiak "euskaldunei dien mespretxua" agerian uzten du, Osakidetzako EPE horretan euskara ez dela erabakigarria izango jakinda. "Euskal Osasun publikoaren arduradunak egindako adierazpenek ez diote euskararen normalizazioari laguntzen, oztopatu egiten dute" azpimarratu dute jeltzaleek komunikatu batean. "Patxi Lopezen Exekutiboak gogokoa izan ala ez, euskara hizkuntza ofiziala da Euskadin".
Bi legebiltzarkideen hitzetan, "onartezina da sailburuak Osakidetzan euskalduntzea ''azkarregi'' egin dela esatea". Hori "Osakidetzako milaka erabiltzaile euskaldunei mespretxu egitea da".
Aralar: ''Bengoaren jokabidea lotsagarria da''
Bestalde, Aralarrek kritikatu egin du Jaurlaritza "euskara bigarren mailako hizkuntza bezala hartzeagatik". Gainera, Aralarren arabera, "onartezina da Bengoak Osakidetzako langileei ''abiadura'' gehiegi sartu zaiela esatea, gaur egun Administrazioarekin euskaraz harremanetan jartzea oso zaila denean".
"Bengoaren jarrera lotsagarria da, baita Eusko Jaurlaritzarena ere. Oraindik ez dute azaldu euskara askatasunean leloa nori zuzenduta dagoen", salatu dute.
LAB: ''Hizkuntza-eskubideei erasoa, berriz ere''
LAB sindikatu abertzalearen ustean, Osakidetzako EPEa "obskurantista eta eskasa da; eta herritarren hizkuntza-eskubideei eraso egiten die".
Komunikatu batean, sindikatuak "elkarrizketa falta" salatu du, Rafael Bengoak zuzentzen duen Osasun Sailak "alde bateko erabakiak hartzen jarraitzen duelako".