Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia, 100 km/h-tik gorako haizeagatik eta 4 metrotik gorako olatuengatik
Bi abisuak eguerditik izango dira indarrean; EAEn, 18:00etara arte, eta, Nafarroan, haizeagatik, 20:00etara arte.
EiTB.EUS
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak bi abisu hori deitu ditu ostegun honetarako, 12:00etatik 18:00etara arte, 100 km/h-tik gorako haize-boladengatik eta 4,5 metrora arteko olatuengatik; Nafarroan, halaber, AEMET Estatu Meteorologia Agentziak haizeak eragindako abisu horia izango du indarrean, 13:00etatik 20:00etara bitartean, 80 km/h-ra arteko boladengatik.
Hala, Euskal Autonomia Erkidegoan, bi abisu hori izango dira indarrean eguerditik arratsaldera arte, bata haizeagatik eta bestea olatu handiengatik. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak zehaztu duenez, goizean, haizea mendebaldetik edo ipar-mendebaldetik iristen hasiko da, eta indarra hartuko du; arratsaldean, boladak 100 km/h-tik gorakoak izan litezke, bereziki itsasaldean eta mendian (itsasotik gertu omen da arrisku handiagoa). Gainerakoan, haize-ufadak 70-80 km/h-koak izan litezke, kostaldetik hurbil batik bat.
Itsasaldean, alabaina, beste abisu bat ere izango da deituta, olatuena. Eguerdian, olaturik handienen batez besteko altuera 3 bat metrokoa izango da, baina altuera horrek gora egingo du, azkar, eta 4-4,5 metrora iritsiko da.
Nafarroan ere izango da indarrean abisu horia, haizeagatik, Estatu Meteorologia Agentziak deituta. Hain zuzen ere, Kantaurialdean 80 km/h-rainoko boladak ibiliko dira, 13:00etatik 200:00etara arte; Foru Erkidegoko erdialdean eta Erriberan ere izango da abisua indarrean, 70 km/h-ra arteko ufadak jasoko dira eta.
Ondorengo orduetarako iragarpena
Euskalmetek eguraldi-iragarpenean jakinarazi duenez, ondorengo orduetan zakar ibiliko da haizea, eta prezipitazioa ugaria izango da ipar partean. Goizerako, giro ilun eta euritsua espero da lurralde osoan; arratsaldean, zaparradak tartekatuagoak izango dira, eta Kantaurialdean eragingo dute bereziki; ez da baztertzen trumoitsuak izatea. Goizaldean ibili den hego-haizeari esker, tenperatura maximoak lehen orduetan neurtuko dira; goizak aurrera egin ahala, haizeak mendebaldera/ipar-mendebaldera egingo du, eta arratsaldean nabarmen indartuko da. Orduan, freskatzera egingo du, eta bolada oso gogorrak neurtuko dira, batez ere kostaldetik gertu.
Ostiralean, giro hotz eta euritsua nagusituko da. Zaparradak ugariak izango dira, eta sarri botako ditu, batez ere Kantaurialdean; tarteka, ekaitzak joko du, eta kazkabarra egin lezake, bereziki egunaren lehen zatian. 800-1.000 metrotik gora, prezipitazioa elur moduan egingo du, baina baliteke une batzuetan elur-kota beherago ere egotea, batik bat goizean. Ipar-mendebaldeko haize zakarra ibiliko da, bolada gogorrekin, eta horrek hotz-sentsazioa areagotuko du.
Larunbatean, egoerak lasaitzera egingo du, egunak aurrera egitearekin batera. Eguna prezipitazio eta zaparradekin hasiko dugu, eta berriz ere ipar partean ugariagoak izango dira horiek, bereziki ekialdean. Arratsaldean, pixkanaka, atertuz joango da, eta, eguna amaitzerako, ostarteak zabalduko dira. Elur-kota 1.000 metro ingurura kokatuko da hasieran, baina bizkor igoko da; arratsaldean, 1.500 metrotik gora izango da. Hasieran ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, baina ahultzera egingo du ondoren. Tenperatura maximoak apur bat igoko dira; mendi-inguruetan izotza egingo du.