Gizartea -
Haizetea
Haizeak aldamio bat bota du Barakaldon
Bestalde, Durangoko ikastetxe bateko horma zati bat erori da, haizearen eraginez. Ezbehar horretan ez da inor zauritu.
EiTB.EUS
Haize-bolada handiak neurtu dituzte gaur Euskal Herrian, eta Bizkaian bereziki, arazoak eragin dituzte azken orduotan. Arratsaldean, esaterako, haizeak aldamio bat bota du Gurutzetako Vicente Aleixandre kalean, Barakaldoko Babes Zibilak Twitter bidez jakinarazi duenez. Suhiltzaileak eta Udaltzaingoa ezbeharra gertatu den lekura bertaratu dira, baina oraindik ez dute eragindako kalteen berri eman. Ertzaintzak argitu duenez, ez da inor zauritu.
Bestalde, Durangoko ikastetxe bateko horma zati bat erori da, haizearen eraginez. Ezbehar horretan ere ez da inor zauritu.
Halaber, haize-ufadek arazoak sortu dituzte Loiun, Gatikan, Aulestin, Portugaleten, Sestaon eta Berangon.
Haizeak bi zuhaitz bota ditu Donostian
Orduko 135 kilometroko haizeteak izan dira astearte honetan Donostian, eta ondorioz bi zuhaitz erori dira Karlos I.a kalean eta Zarategi pasealekuan.
Gainera, Zurriola parean, kontzesionario bateko kristala hautsi du haizeak, baita Satrustegi etorbideko gimnasio bateko leihoa ere.
Iragarpena
Arratsaldean zehar, indarra galduko du haizeak, nahiz eta oraindik ere, toki askotan, gogor jotzen ari den. Euskalmeten iragarpenaren arabera, 18:00etan, abisu laranja bukatzen denean, normaltasunera itzuliko da egoera.