Gizartea -

Lekukoa Anie mendian

'Gailurretik bi ordura egin nuen topo Portugaleteko bi mendizaleekin'

Jose Antonio Salterain da bi mendizaleak bizirik azkenekoz ikusi zituena; elkar gurutzatu, agurtu eta ordubetera lainoa sartu zela dio, gune horretan oso fenomeno arriskutsua, alegia.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Salterain Abadiñoko mendizalea da Anie mendian hilda aurkitutako bi mendizaleak bizirik ikusi zituen azken lekukoa. Beherantz zihoala gurutzatu zen bi portugaletetarrekin, horiek gailurrera bidean zihoazen; "epa" batekin elkar agurtu eta bakoitzak bere bidearekin jarraitu omen zuen. 12:30ak zirela dio Salterainek.

"Espeleologoen aterpetxea baino pixka bat aurrerago elkartu ginen, harria hasten den lekuan, gailurretik pare bat ordura".

Salterainek dio bi mendizaleak ondo prestatuta zeudela, ez zutela "itxura txarrik" eta gurutzatu zirenean "eguraldi ona" zegoela azaldu du. Hori bai, ordubete beranduago, gutxi gorabehera 14:00ak aldera lainoa sartzen hasi zela esan du eta hori gune horretan "oso arriskutsua" dela azpimarratu du "galtzeko erraza den ingurua" baita. Iluntze aldera gainera, trumoia ere jo omen zuen.

Anie mendian hilik aurkitu dituzten Portugaleteko bi mendizaleak bizirik ikusi zituen azken lekukoak uste du lainoarengatik bidetik atera eta galdu egingo zirela. "Bidetik ateratzen bazara guztia berdina da; gora eta behera zuloak daude eta galtzeko oso ingurune erraza da", azaldu du Jose Antonio Salterainek Euskal Telebistak egin dion elkarrizketan.

Autopsiaren emaitzen zain, badirudi bi mendizaleak hipotermiak jota hil zirela.

Portugalete, atsekabetuta

Portugaleteko bizilagunak nahigabetuta daude gertatutakoaren berri izan dutenetik.

Bikotea bizi zen Correos kaleko bizilagun bat "penatuta" agertu da ezbeharragatik eta mendira joatean "arduraz" jokatu behar dela azpimarratu du.

Herriko beste gazte baten hitzetan, gertatutakoa "ezbeharra da", batez ere "pertsona gazteak" zirelako.

Portugaleteko beste bizilagun baten esanetan, albistearen berri izan zuenean "pena handia" sentitu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea