Gizartea -
Bilbo
Ostutako 49 mugikor, 20 tableta eta 7 ordenagailu eramangarri atzeman dituzte Bilbon
Udaltzaingoak urtarrilaren 13an topatu zituen, San Frantzisko kaleko telefonotegi batean.
EiTB.EUS
Bilboko Udaltzaingoak lapurtutako 49 mugikor, 20 tableta eta zazpi ordenagailu eramangarri atzeman ditu Bizkaiko hiriburuko telefonotegi batean. Topatutako gailu batzuen jabeek salatuta zuten lapurreta; San Frantzisko kaleko telefonotegi batean zeuden horiek guztiak. Ordenagailu eramangarrietako bat Bilboko ikastetxe baten izenean zegoen erregistratuta, eta lau tabletak beste ikastetxe bateko zorroak zituzten.
Udaltzaingoak urtarrilaren 13an egin zuen operazioa. 20:50 aldera, auzoan zerbitzu ematen ari ziren agenteen patruila batek gailuak ikusi zituen, telefonotegian. Marka jakin bateko goi mailako gamako telefono-kopuru handi bat pilatuta ikusi zutenez, agenteek haietako batzuk atzeratzeko eskatu zioten arduradunari, haien jatorria egiaztatzeko asmoz. Orduan, lapurtutako telefonoak zirela konturatu ziren; hainbat kasutan, lapurreta salatuta zuten jabeek, Bilboko Udaltzaingoan edo Ertzaintzan.
Lokalaren arduraduna identifikatu ostean, eta susmoa izanik telefonotegia ez ote zen lapurtutako gailu elektronikoak jasotzeko zentro bat (haien berrezartzea egin eta lehengo datuak ezabatzeko), agenteek galdegin zioten arduradunari erakusteko jatorri legez kontrakoa izan zezaketen produktu guztiak, haiek atzeman eta jabeei itzultzeko.
Bilboko Udaltzaingoak kudeaketak bideratu ditu berreskuratutako gailuen jabeekin harremanetan jartzeko, eta dagokion argiketa egin du, ondarearen kontrako delitua izan delakoan. Atzemandako hainbat gailu jabeei itzuli dizkiete, dagoeneko, eta, oraindik ere, beharrezko ikerketa guztiak egiten ari dira, ustezko lapurtutako objektuen jabe guztiak aurkitzeko.