Gizartea -

Gipuzkoa

"Turistifikazioaren" eta "funts putreen" aurkako protesta egin dute Donostian

"Auzoko familia xumeenak euren etxeetatik bota nahi dituzte AirBnb bezalako plataformek eta inbertsio-funts oportunistenak", salatu dute bertan elkartu direnek.

Donostiako Benta Berri auzoan izandako elkarretaratzearen irudia. Argazkia: Kaleratzeak Stop
Donostiako Benta Berri auzoan izandako elkarretaratzearen irudia
Donostiako Benta Berri auzoan izandako elkarretaratzearen irudia. Argazkia: Kaleratzeak Stop

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka lagun bildu dira larunbat arratsalde honetan Donostiako Boulevardean eta Benta Berri auzoan, Donostia erdiguneko "turistifikazioa" eta "funts putreak eragiten ari diren etxegabetxeak" salatzeko. Etxebizitzarako eskubidearen aldeko hainbat plataformek deitutako deialdia izan da, tartean, Kaleratzeak Stop Euskadik, Alokairuk, Zaharrean Bizi auzo-elkarteak eta Bizilagunekin elkarteak.

"AirBnb bezalako plataformen bitartez eta inbertsio funts oportunistek familia xumeenak auzoetatik bota nahi dituzte eta beraien etxeekin espekulatu, ondorioz, alokairuko merkatua gero eta gehiago handitzen ari dira, batez beste 1.200 eurotik gora ipiniz", salatu dute Boulevardean izandako elkarretaratzean.

Bestalde, "osasuna kaltetzen duten zaratei aurre egiteko, zoru publikoa okupatzen dituzten terraza edo erakustokiak eta mugikortasuna eta salgaien banaketak arautzeko" neurriak abiatzeko eskatu diote Donostiako Udalari.

Geroago, Benta Berri auzoan izandako elkarretaratzean "funts putreen esku-hartze espekulatzaile eta antisoziala" salatu dute, zehazki, "Blackstone-Testa Socimi Inmobiliaria enpresarena, 2028ra arte kontrol publikoa duen 520 etxebizitza babestuko promozio pribatua erosi baitzuen". "Victoria auzokidearen kaleratze demanda bertan behera gera dadin eta etxebizitza merkeagoan ipintzea eskatzen dugu; bere pentsio urriarekin ezin du eskatzen dioten 800 euroko errenta ordaindu", amaitu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Turismoa Euskadi Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak