Gizartea -
2020 Danborrada
Has dadila jaia!
Donostiak eta Azpeitiak, eta Nafarroako Tafallak eta Lakuntzak San Sebastian eguna ospatzen dute danborrei eraginez.
EITB.EUS
Dena prest dago San Sebastian egunari hasiera emateko. Konstituzio plazan gauerdian hiriko bandera igotzen denean 2020ko danborradari hasiera emango diote. Helduen eta txikien danborradak kolorez eta musikaz jantziko dute hiriburua. Danbor hotsek ez dute etenik izango 24 orduz.
Raimundo Sarriegiren doinuak gauerditik entzungo diren arren, jaia lehenago hasiko da. Ohitura den moduan, donostiarrak mahaiaren inguruan bilduko dira eta afari batekin hasiko dute festa. Elkarteek eta jatetxeek jaki goxoak prestatu dituzte. Angulak ere ez dira faltako zenbait otordutan.
5 danborrada berri
151 danborrada izango dira Donostiako kaleetan, horietatik bost berriak. 19.004 lagunek parte hartuko dute, 8.102 gizonek eta 10.884 emakumek. Gaztelubideko danborradak emango dio hasiera jaiari Konstituzio enparantzan hiriko banderaren igoerarekin. Aurtengo bandera berezia da, eta Union Artesana elkartea izango du gogoan, aurten 150 urte beteko baititu. Beraiek izango dira, gainera, urtero legez egunari amaiera emango diotenak ere.
Hiriko auzo eta gune ezberdinetan arituko dira 151 danborradak. Guneak ondorengoak dira: Altza-Intxaurrondo, Amara-Loiolako Erriberak-Morlans, Antiguo, Erdigunea, Gros, Loiola-Egia-Martutene eta Alde Zaharra.
Haurren Danborrada Easo Ederrik gabe
8.800 haurrek ilusioz parte hartuko dute astelehen goizeko Haurren Danborradan eta elkarteek antolatutako beste hainbat danborradetan. Aurten, lehen aldiz, ez da Easo Ederrik izango. Aitor Ikastolak pertsonaia ez aurkezteko erabakia hartu du. Hala ere, izango dira beste hainbat pertsonaia desfilean.
Eguerdiko hamabietan hasiko da jaia Udaletxeko balkoiko hitzaldiarekin eta San Sebastian martxarekin. Ondoren, erdiguneko kaleetan barrena desfilatuko dute.
Urrezko Danborra
Realeko emakumezko futbol eta hockey taldeek jasoko dute 2020ko Urrezko Danborra, hiriko golardo nagusia.
Bi taldeek 2019an lortutako garaipenak goraipatuko ditu modu horretan hiriak. Ekitaldia eguerdian izango da udaletxeko areto nagusian. Bezperan, bestalde, Hiritar Merezimendu dominak banatuko dituzte. Aurtengo dominak ondorengoentzat izango dira: Why Not fundazioa, Naizen elkartea, Bikarte kultura elkartea, Jesus Rubio Rymond eta Itziar Mintegui Martinez.
Tenperatura oso hotza
Aurtengo San Sebastian eguna hotz-hotza izango da. Hala iragarri du ETBko meteorologia zerbitzuak. Horren arabera, termometroek ez dute 10 ºC-ko langa gaindituko, eta hotzenak 0-2 ºC artean ibiliko dira. Hori bai, ateri eutsiko dio.
Asteburuko negu giroak segida izango du, horrenbestez, Donostiako patroiaren egunean. Zerua hodeitu egongo da, baina ez du ondoriorik ekarriko goizaldean eta egunean zehar. Hotza izango da eguneko protagonista. Tenperatura maximoak 7 ºC ingurukoak izango dira Donostian, eta 5-6 ºC-koak Azpeitian. Minimoei dagokienez, 2 ºC-koak izango dira Gipuzkoako hiriburuan, 0-1 ºC bitartekoak, Azpeitian.
Azpeitia, Lakuntza eta Tafalla jaietan
Donostian ez ezik, Azpeitian, Lakuntzan eta Tafallan ere jai egun handia da urtarrilaren 20a.
Azpeitian helduen danborradarekin hasiko da jaia. Gauerdian bandera igoko da plazan. Astelehenean Haurren Danborrada egingo dute goizean, eta gauerdian jaiari amaiera eman bitartean hainbat ekitaldi izango dituzte.
Lakuntzan igande gauean egingo dute danborrada, eta Tafallan, arratsaldean.
EiTBren programazio berezia
ETB1ek, Euskadi Irratiak eta eitb.eus-ek San Sebastian eguneko jai handiari hasiera emango dioten bandera igoera eta danborrada eskainiko dituzte. 'Danborrada Gaua 2020' saioa Donostiako Konstituzio plazatik zuzenean eskainiko dute 22:15etik aurrera telebistaz eta eitb.eus-en, eta ondoren, Azpeitiko danborrada izango da ikusgai 00:45etik aurrera. Euskadi Irratiak ere programa berezia emango du.
Astelehenean haurrak izango dira protagonista eta goizeko 11:45etatik aurrera, ETB1en, Haurren Danborrada ikusteko aukera izango da. Gauean, berriz, saio berezia egongo da ETB1en, San Sebastian egunari bukaera emateko. Gaueko 22:15enetatik aurrera izango da ikusgai saio berezia.