Gizartea -
Manifestua
Elkarbizitzaren aldeko konpromisoa hartu dute EAEko erakundeek eta elkarte islamikoek
Euskadiko meskiten 39 imami 'Elkarbizitzaren aldeko Manifestua' aurkeztu die lehendakariak. Ados aholku batzordeak idatzi du testua.
Agentzia | Erredakzioa
Euskadiko meskiten 39 imami 'Elkarbizitzaren aldeko Manifestua' aurkeztu die Iñigo Urkullu lehendakariak ostiral honetan. EAEko erakundeetako eta elkarte islamikoetako ordezkariek konpromiso partekatua hartu dute, giza eskubide, aniztasuna, berdintasuna eta elkarbizitzaren alde lan egiteko.
Ados aholku batzordeak idatzi du testua. Euskadiko erakundeetako eta elkarte islamikoetako ordezkariek osatzen dute batzordea, "euskal islam tolerante eta ireki baten alde eta aitzakia erlijiosoak erabiltzen dituen terrorismoari zilegitasuna kentzeko" lan egiteko helburuarekin.
'Elkarbizitzaren aldeko Manifestua' Euskadiko meskiten 39 imami aurkeztu die batzordeak ostiral honetan, Gasteizen. Lehendakaria ekitaldian izan da.
Ados batzordeak dokumentuarekin bat egitera deitu du. Euskal gizartean "gero eta nortasun gehiago uztartzen dira eta kultura, erlijio eta uste anitzak dituzten pertsonen arteko harremanak ematen dira", aitortu du agiriak.
"Gizarte garatu guztiak anitzak dira", erantsi du. Aniztasuna "askatasunaren eta aurrerabidearen sinonimoa da", azpimarratu du testuak. "Aniztasuna uztartzeko gaitasun handia erakutsi duten herrialdeak aberatsenak dira", gaineratu du.
Bizikidetza anitz eta barnerakoi batek "printzipio etiko unibertsaletan eta balio demokratikoetan oinarri sendoak izan behar ditu", nabarmendu dute testuaren egileek. Hala ere, elkarbizitza barnerakoi bat bultzatzea eta mantentzea "ez da erraza", baina "guztien ongizatea ahalbidetzeko ezinbestekoa da".
Azkenik, "aniztasunarekin" konpromisoa hartzen du dokumentuak. Horregatik, "xenofobia, arrazakeria eta islamofobia errefusatzen, gaitzesten eta arbuiatzen ditu, baita jatorri, arraza, kolore edo uste sendoen arabera pertsona taldeak etiketatzen dituzten adierazpenak ere".