Gizartea -
Trafikoa
Gizon bat inputatu dute Nafarroan, 187 km/h-ko abiaduran gidatzeagatik
Gainera, NA-134 (Ebroko ardatza) errepidean baimendutakoaren gainetik gidatzen harrapatu dituzten beste bi gidari zigortu dituzte, arau-hauste larria egotzita.
eitb.eus
Foruzaingoak bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzi dio Milagroko 49 urteko gizon bati, orduko 187 kilometroko abiaduran gidatzeagatik, gehienez 90 km/h-ko abiaduran joan daitekeen tarte batean.
Tuterako foruzainek, NA-134 (Ebroko ardatza) errepidean harrapatu zuten gidaria, Milagro parean, istripu ugari izan ohi diren inguruan abiadura-kontrol prebentiboa egiten ari zirela. Gidaria, Tafallako zaintzako epaitegian agertu beharko da datorren astean.
Gainera, baimendutakoaren gainetik gidatzen harrapatu zituzten beste bi gidari zigortu zituzten, arau-hauste larria leporatuta.
Zehazki, 146 km/h-ko abiaduran zihoan ibilgailu bat atzeman zuten aurrena, eta 400 euro eta 4 puntuko zigorra ezarri zioten. Gidariak (57 urteko gizona), gainera, positibo eman zuen anfetamina eta metanfetamina droga-probetan (1.000 euro eta 6 puntu).
Beste gidaria (37 urteko gizon bat) 172 km/h-ko abiaduran zihoan, eta, hori dela eta, 600 euroko isuna jarri diote eta gidabaimeneko 6 puntu kendu dizkiote.