Gizartea -

Ez dute akordiorik lortu

Sindikatuek gaurko lanuzteak mantendu dituzte Metro Bilbaon

Gaurko deitutako lanuzteak mantentzea erabaki dute sindikatuek, eta zuzendaritzak aurkeztutako azken proposamena ostegunean eztabaidatuko dute langileen batzarrean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Metro Bilbaoko greba batzordeak gaurko lanuzte partzialarekin jarraitzea erabaki du. Zuzendaritzak aurkeztutako proposamenak sindikatuen eskakizunetatik hurbil egon arren ez dute akordiorik lortu, sindikatuek jakinarazi dutenez.

Zuzendaritzarekin goizean eta arratsaldean bildu ostean, zuzendaritzak langileen kopurua handitzea proposatu du, eta sindikatuen arabera, proposamen hori eskakizunetatik hurbil dago: 167 gidari eta 182 ikuskatzaile azarorako, Basauriko geltokia zabaltzen dutenean.

Hala ere, zuzendaritzak aldaketak egin ditu gidarientzako baldintza berri horietan: atseden denborari zein lanaldiaren banaketari dagokionez. Sindikatuen arabera, baldintza horiek akordioa saihestu dute.

Hori horrela, greba batzordeak (ELA, CIM, UGT, LAB eta ESK) gaurko lanuzte partzialekin jarraitzea erabaki dute eta zuzendaritzak aurkeztutako azken proposamena ostegunean eztabaidatuko dute langileen batzarrean.

Arduraz jokatzeko deia

Iñaki Prego Metro Bilbaoko kontseilari delegatuaren hitzetan, zuzendaritzak sindikatuen eskakizunen ia "ehuneko ehuna" onartu dituzte, eta "ahalegin handiak egin arren" greba batzordeak ez du akordioa onartu eta lanuzteak mantentzea erabaki dute.

Ildo horretan, Metro Bilbaoko arduradunek arduraz jokatzeko deia egin diete enpresako langileei, herritarren gain zuzenean eragina duen "gatazka oraindik gehiago ez luzatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea