Gizartea -
Erizaintza
Euskal erizainak jada akreditatu ahal dira sendagaiak agintzeko
Horren bidez, kontsultetan zeregin eraginkorragoa izango dute, bai eta lanbidean segurtasun juridiko handiagoa ere.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal erizainek ostegun honetatik aurrera sendagai batzuk eta osasun-materiala agindu ahal izateko akreditazioa jasotzeko aukera izango dute; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak horretarako prozedura abiatu du.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak asteazken honetan argitaratu du prozedura hori arautu eta 2015eko Errege Dekretua garatzen duen agindua. Agindu horrek baimena ematen die erizainei sendagaiak eta osasun-materiala “zehaztu, erabili eta agintzeko”.
Estatuko arauak, baina, ezartzen du kolektibo hori akreditatu behar dela. Titulua izateaz gain, zenbait eskakizun bete behar dira: gutxienez, urtebeteko lanbide-esperientzia izatea edo, bestela, osasun-administrazioak gaitutako doako egokitzapen-ikastaroa gainditzea. Autonomia-erkidegoek izango dute eskumena prozedura arautzeko.
Asteazken honetan argitaratutako eta ostegun honetan indarrean sartuko den aginduak prozedura osoa arautzen du. EAEko erizainek, prozedura horren bidez, segurtasun juridiko handiagoa izango dute lanbidean.
16.400 erizain elkargoetan, EAEn
Osasun Sailak kalkulatzen du Euskadin erizaintzako profesionalen % 98 zuzenean akreditatu ahalko dela; izan ere, urtebeteko esperientzia baino gehiago du. Euskadin, gaur egun, erizaintzako 16.400 profesional elkargokide inguru daude; haietatik, % 80,5ak Osakidetzan lan egiten du, eta gainerakoek, eremu pribatuan. % 90,3 emakumeak dira.
Nekane Murga Osasun sailburuaren iritziz, neurri horrek lagundu egingo du Osakidetzak gero eta zahartuagoa den, gero eta gaixotasun kroniko gehiago dituen eta gero eta mendekotasun handiagoa duen gizarteak dituen beharrei erantzuteko duen gaitasuna areagotzen.
Murgaren esanetan, osasun-arreta unibertsalari eta kalitatekoari eusteko, jarduteko eremuetan gero eta trebakuntza gehiago duten profesionalen elkarlanean oinarritzen diren laguntza-ereduak aktibatu behar dira, eta ebazteko gaitasun handiagoa eman behar zaie.
Hori horrela, sailburuak gogorarazi du erizaintzak “aurrerapen handia" izan duela azken urteotan “haren gaikuntzan eta ezagutza zientifikoan, eta, ondorioz, profesional horiek eginkizun aktiboagoa dutela pazienteen beharrei eman beharreko erantzun zuzenean”.