Gizartea -

Poliziaren operazioa

Atxilotu bat Donostian hainbat transexualen prostituzio-sare batekin lotura duelakoan

Polizia Nazionalak desegin du sarea, eta beste lagun bat ere atxilotu du, Madrilen. Halaber, taldearen bi biktima aske utzi ditu.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia Nazionalak zenbait transexual Estatu osoko hainbat hitzordu-etxebizitzatan prostituitzen zituen sare bat desegin du, eta, halaber, Donostian lagun bat atxilotu du. Gainera, Madrilen, beste lagun bat eraman du atxilo Poliziak, eta taldearen bi biktima aske utzi ditu. Bi biktima horiek Kolonbiakoak dira.

Gaizkile-taldeak sexu-esplotazioa eragiten zien transexualei. Kolonbiatik iristen ziren Estatura, eta behartuta aritzen ziren hainbat hitzordu-etxebizitzatan.

'Orkidea Operazioa' izenekoak desegin du taldea. Ikerketa Caceresen hasi zen, Plasencia herrian hain zuzen ere. Herri horretan, biktima batek salatu zuen Kolonbian harrapatu zuela talde batek; hitzeman zioten Espainiarako bidaia eta Estatuko egonaldia ordainduko ziotela, eta horren trukean lana izango zuela, senide baten gaixotasun larriaren tratamendua ordaindu ahal izan zezan.

Estatura iritsita, baina, taldeak 8.000 euroko zorra galdegin zion; kopuru hori itzultzeko, prostituzioan aritu beharko zuen, zenbait hitzordu-etxebizitzatan.

Biktimari helduentzako kontaktu-orrialde batzuetan egin zioten publizitatea, eta probintzia batzuetara joan behar izan zuen. Behartuta, prostituzioan ibili zen; mehatxupean zegoen, esan baitzioten berak eta haren familiak ondorioak pairatuko zituztela, uko eginez gero.

Baliteke atxiloketa gehiago egotea

Ikertzaileek gaizkile-taldeko hiru kideak identifikatu zituzten. Hirurek eramaten zituzten biktimak toki batetik bestera, ostatu ematen zieten, mehatxatzen eta kontrolatzen zituzten, eta publizitatea egiten zieten, onura handiak jasota. Agenteek miaketa bana egin zuten Madrilgo eta Donostiako bi etxetan, eta lagun bana atxilotu zuten bi hirietan. Poliziak ez du baztertzen lagun gehiago ere atxilotzea.

Gainera, Espainiako hiriburuan, bi biktima utzi zituzten aske. Kolonbiatik iritsi berriak ziren, eta sexu-esplotazioa pairatzekoak ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako informazioa Gaurko albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak