Gizartea -
MIGRAZIOA
124.000 migratzaile iritsi dira Europara 2019an
Kanariar Uharteetara iritsi diren migratzaileen kopuruak %90 egin du gora aurten. Bestalde, ia 1.200 pertsona hil dira Mediterraneoan.
RADIO EUSKADI
124.000 migratzaile iritsi dira Europara aurten, gehienak itsasoz. Asteburu honetan, adibidez, hiru patera iritsi dira Kanariar Uharteetara, eta Sea Eye Alemaniako gobernuz kanpoko erakundearen "Alan Kurdi" ontzi humanitarioa Pozzallo portuan lehorreratuko da igande honetan (Sizilian), duela hiru egun Mediterraneoan erreskatatu zituen 32 pertsonak bertara eramanez.
Europara iristeko "Kanariar bidea" delakoa berpizten ari dela diote adituek, Mediterraneo Erdialdean dagoen presio handiaren aurrean.
Migrazio-fluxuak etengabe egokitzen dira, eta Italiara zein Iberiar Penintsulara iristeko dauden zailtasunak direla eta gora egin du aurten Kanariar Uharteetara iristen diren migratzaileen kopuruak: %90 pertsona gehiago iritsi dira, 2.500 lagun zehazki. Dena dela, kopuru hori oso urrun dago oraindik, 2006en iritsi ziren 31.000 migratzaileetatik.
Libia, Tunisia, Italia eta Malta arteko eremuan, Mediterraneo Erdialdean, alegia, ibili da migratzaile gehien 2019an, eta horixe izan da pertsona gehien hil diren lekua ere: 743 biktima zenbatu dituzte. Hildako horiei Mendebaldeko Mediterraneoan, Marokotik eta Aljeriatik Espainiara iritsi nahian, hil diren 450 pertsonak gehitu behar zaizkie.
Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak emandako datuen arabera, migratzaileen eta hildakoen kopuruak behera egin du aurreko urteekin alderatuta.