Gizartea -
Umeen Gabonetako Parkea
BECeko Gabonetako Parkeak abenduaren 18an irekiko ditu ateak
Umeen Gabonetako Parkearen 55. edizioak 17 egun iraungo du. Helduentzako gau tematiko bat ere egongo da, hilaren 28an.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Abenduaren 18an hasiko da Umeen Gabonetako Parke (UGP) tradizionalaren 55. edizioa BECen, eta 17 egun iraungo du. Ikasketarako eta dibertsiorako plaza bihurtuko da BEC.
Parkea abenduaren 18tik urtarrilaren 5era egongo da zabalik, baina abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean ateak itxiko ditu. BECeko 3. eta 5. pabiloiak beteko dituzte erakunde publikoek eta pribatuek, enpresek, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak.
Gabonetako Parkean ongi pasatzeko hamaika aukera egongo da, hala nola izotz-pista bat, kart elektrikoen zirkuitu bat eta tailerrak. Gainera, eskubaloi eta saskibaloi lehiaketak egingo dituzte, baita miniatletismo txapelketa bat eta familientzako Gabonetako Lasterketaren III. edizioa ere.
Helduak izango dira protagonista abenduaren 28 iluntzean, 21:00etatik 2:00ak arte, GauPINa egingo baita. Helduentzako hainbat ekintza egongo dira BECen: gune gastronomiko bat, zuzeneko musika emanaldiak eta 5. pabiloiko atrakzioetan ibiltzeko aukera, esaterako.
Egun gehienetan 11:00etan irekiko ditu ateak parkeak, eta 20:00etan itxi. Abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean 17:00etan itxiko ditu ateak parkeak. Txarteldegiak parkea bera baino 30 minutu lehenago ireki eta itxiko dira.
Sarreren prezioari dagokionez, prezio estandarra 8 eurokoa izango da. GauPinaren sarrerak ere prezio berdina izango du, baina, mozorrotuta joanez gero, sarreraren prezioa 5 eurora jaitsiko da. Taldeen kasuan, 10 kide baino gehiago badira, 7 euro ordaindu beharko da pertsonako. % 33ko edo gehiagoko ezgaitasuna duten pertsonek ere 7 euro ordaindu beharko dituzte.