Gizartea -
DENBORALEAK
Argaren uraldiak ez du aparteko kalterik eragin Nafarroa erdialdean
Foru Erkidegoko errepide sare nagusia ere bere onera etorri da, eta NA-30 errepidea bakarrik dago itxita, Iruñean, Landabengo sarreran, atzo izandako uholdeengatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Atzoko denboraleak gogor astindu zituen Nafarroako bazterrak, baina okerrena pasatu dela dirudi. Arga ibaiaren uraldiari so egon dira gau osoan Foru Erkidegoko larrialdietako zerbitzuak, baina uste baino eragin txikiagoa izan du erkidegoaren erdialdean.
Hainbat lekutan ibaiak gainezka egin badu ere, kalteak ez dira handiak izan, Nafarroako Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez. Bigarren mailako hainbat errepide itxi egin behar izan dituzte, baina sare nagusia zabalik dago. Iruñean, Landabengo poligonoaren sarbidean, dago arazo bakanetakoa: NA-30 bidea itxita dago pare horretan, atzoko uholdeen ondorioz.
Besteak beste, Faltzes, Funes eta Caparroso herrietan zegoen alerta jarrita gaur goizaldean, eta, aurreikusita bezala, 01:30 inguruan Argak gainezka egin du Funesen. Halere, uholdeak ez dira larriak izan, hainbat bide eta lursail urez estalita geratu badira ere.