Gizartea -

Hezkuntza

Euskadi eta Nafarroa, ikasturtea errepikatzen duten ikasle gutxien dituztenen artean

2015. eta 2018. urteen artean, ikasturtea errepikatu zuten ikasleen kopurua lau puntu jaitsi zen EAEn. Tasa hori soilik Nafarroan igo da, 2015eko datuekin alderatuta, ia puntu batean.

Ikasle bat, eskolan. Artxiboko argazkia: Pixabay
Ikasle bat, eskolan.
Ikasle bat, eskolan. Artxiboko argazkia: Pixabay

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuan, derrigorrezko hezkuntzan ikasturtea errepikatzen duten ikasle-tasarik baxuena duten hiru autonomia erkidegoetako bi dira EAE eta Nafarroa, soilik Kataluniaren atzetik (% 15,1), PISA txostenaren arabera. Halaber, ikasturtea errepikatzeak ez duela ikasleen errendimendua hobetzen ondorioztatu du Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA), alegia, ikerketa hori egiten duen erakundeak.

2015. eta 2018. urteen artean, ikasturtea errepikatu zuten ikasleen kopurua lau puntu jaitsi zen Euskal Autonomia Erkidegoan (% 20an kokatu arte). Testuinguru horretan, tasa hori soilik Nafarroan igo da, 2015eko datuekin alderatuta, ia puntu batean (% 23,9).

Nafarroak Estatuko emaitzarik onenak izan ditu matematiketan, eta bertako ikasleak seigarren postuan geratu dira zientzietan. Dena dela, 2015ean baino emaitza okerragoak lortu dituzte bi ikasgai horietan. Nafarroako Gobernuak emaitzei buruz egindako balorazioan nabarmendu duenez, genero arrakala gutxitu arren, itunpeko ikastetxeen eta ikastetxe publikoen arteko aldea handitu da.

ELGAren arabera, errepikatzaileen tasa jaistea Espainiako hezkuntza-sistemaren "gainditu gabeko ikasgaia" da; izan ere, PISA 2018 azterketaren arabera, errepikatzaileen batez bestekoa % 28,7koa da Estatuan, eta Europar Batasunean, berriz, % 11,4koa.

Ildo horretatik, ikasturtea errepikatzea ez dela eraginkorra salatu du Save The Childrenek, eta, "sozialki ere oso bidegabea" dela ziurtatu du.

Izan ere, ikasturtea errepikatzen duten ikasle gehienek ez dute emaitza hoberik lortzen hurrengo urteetan, eta eskola goiz uzteko arriskuan daude. Gainera, kalitatezko enplegua lortzeko aukerak galtzen dituzte, gizarte-bazterkeria jasateko arriskua baztertu gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Nafarroa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Hezkuntza