Gizartea -

Nafarroa

San Saturnino eguna, Iruñean

Hiriko zaindaria den San Saturnino egunean, Gabonetako argiak piztea eta La Pamplonesa bandaren kontzertua tradizio bihurtu dira.

Iruñeak zaindariaren eguna ospatuko du 'La Pamplonesa'-rekin. Argazkia: Navarra directo.
San Saturnino egunaren irudia Iruñeako kaleetan
San Saturnino eguna giro onean ospatzen ari dira Iruñean

1:55

EiTB | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñean, San Saturnino zaindariaren eguna ospatzen ari dira gaur, ostirala. Udalak egitarau oparoa antolatu du, besteak beste, erraldoi eta buruhandien konpartsaren irteera, prozesioa eta meza izan baitira goizean, eta Udaletxeko jaiotzaren inaugurazioa, Gabonetako argiak piztea eta La Pamplonesa bandaren kontzertua, arratsaldean.

09:30ean hasi dute eguna, erraldoien eta buruhandien konpartsaren irteerarekin, autobus geltokitik. Bakearen plaza, Yanguas y Miranda, Garcia Ximenez, San Ignacio, Comedias, Pozoblanco eta Zapateria kaleetatik joan dira Udaletxera, Udalbatzarekin bat egiteko. 10:05ean, Udalbatza San Saturnino elizara joan da, eta patroiaren omenez egindako prozesioan parte hartu du.

10:15ean, prozesioa hasi da: San Saturnino kalea, Kale Nagusia, Arazuri doktorearen pasealekua eta Kale Berria igaro, eta elizara itzuli da. Horiekin batera, erraldoi eta buruhandien konpartsa, La Pamplonesa, udal dantzari eta txistulariak, klarin eta tinbal jotzaileak, mazodunak eta galako zaindariak ere joan dira prozesioan.

11:00etan, San Saturnino elizan, meza egin dute, Francisco Perez Iruñeko artzapezpiku eta Tuterako gotzainak zuzenduta. Musika kapera izan da musikaren arduraduna, Iruñeko Orfeoiaren eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren laguntzarekin.

12:10ean, segizioa Udaletxe Plazara itzuli da, eta, bertan, erraldoien eta buruhandien konpartsak eta Duguna dantza taldeak ikuskizuna egin dute, Udalbatzaren omenez. Ondoren, konpartsa autobus geltokira itzuli da, Mercaderes, Txapitela, Gaztelu plaza, Sarasate pasealekua, Alhondiga, Tutera, Garcia Ximenez, Yanguas y Miranda kaleak eta Bakearen plaza zeharkatu dituzte.

Atariko jaiotzaren inaugurazioa

San Saturnino egunaren berrikuntzetako bat Udaletxeko jaiotzaren inaugurazioa da. Irekiera hilabete aurreratu da, aurreko urteetan pregoiarekin batera ireki baitute, abenduaren 20aren inguruan. Aurten ere, Iruñeko Jaiotzen Elkartea arduratuko da inaugurazioaz, 17:30ean.

Gabonetako argiztapena

17:45 aldera, Udaletxeko fatxadako argiztapena zein gainerako hiriko argiak piztuko dira. Ekitaldia Oberena abesbatzak girotuko du, eta gabon-kantak abestuko ditu.

La Pamplonesaren kontzertuak

Azaroaren 28an, ostegunean, eta azaroaren 29an, ostiralean, izango dira La Pamplonesaren kontzertuak. Udal musika bandak Manuel Fernandez Caballero (1835-1906) maisuaren 'Gigantes y Cabezudos' tituluari eta Miguel Echegaray eta Izagirreren libretoari (1848- 1927) eskainiko dizkie bi emanaldiak, J. Vicent Egearen zuzendaritzapean.

AGAO abesbatzaren eta Maria Ayaran Garraldaren laguntzarekin, duela 121 urte (1898ko azaroaren 29an) Madrilgo Zarzuela Antzokian estreinatutako obra eskainiko du. Bi kontzertuak 20:00etan hasiko dira, eta sarrerak 5 eta 10 euro artean izango dira eskuragai.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea azken orduko berriak Euskal hiriburuak Albisteak Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Jaiak Iruñeko Udala albisteak Iruñeko Alde Zaharra