Gizartea -

Migrazioa

Irungo Harrera Sarea larrialdiko harrerako etxebizitzak bilatzen ari da

Harrera Sareak salatu duenez, Frantzia migratzaileak legez kanpo botatzen ari da. Bestalde, Eusko Jaurlaritza prest agertu da 'Aita Mari' ontziak erreskatatutako pertsonak hartzeko.

Irungo Harrera Sarearen manifestazio bat. Artxiboko argazkia: Euskadi Irratia
Irungo Harrera Sarearen manifestazio bat.
Irungo Harrera Sarearen manifestazio bat. Artxiboko argazkia: Euskadi Irratia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziak kanporatzen dituen migratzaileei larrialdiko harrerako etxebizitzak eskaintzeko deia egin die gaur Harrera Sareak Irungo bizilagunei.

Frantziako Gobernuak egindako legez kanpoko kaleratzeak azkenaldian ugaritu egin direla eta pertsona horiek laguntza publikoak jasotzeko eskubiderik ez dutela ohartarazi du plataformak, aterpetxeetan lekua egon arren.

Hori dela eta, migratzaileak bere etxeetan "zenbait  egunez" hartzeko prest dauden bizilagunekin jarri nahi du harremanetan Harrera Sareak.  

"Ez dugu epe luzerako tokirik bilatu nahi; larrialdi egoeratan erabilgarri egongo liratekeen etxeekin sare solidario bat osatu nahi dugu", zehaztu dute ohar batean.

Migratzaileak kanporatzeaz gain, Frantziako Gobernuak migrazioari eta asiloari lotutako gaietan hainbat murrizketa egin berri dituela gogoratu dute.  

Urtea hasi zenetik, 2.100 pertsona hartu ditu Irungo Harrera Sareak. Gehienak Guinea Konakry eta Boli Kostako migratzaileak dira.   

Horrez gain, San Juan plaza inguruan lokal bat bilatzen ari direla jakinarazi du. Ildo horretan, Udalaren jarrera gogor kritikatu du Harrera Sareak, migratzaileei laguntzen urtebete baino gehiago daramatelako eta oraindik erantzunik jaso ez dutelako.  

Eusko Jaurlaritza, 'Aita Mari' ontziko migratzaileak hartzeko prest

Bestalde, Josu Erkorekak esan du Eusko Jaurlaritza prest dagoela 'Aita Mari' ontziak Mediterraneoan erreskatatu dituen migratzaileak hartzeko.

Gobernu-bileraren ostean, Erkorekak baieztatu du 'Aita Mari' ontzia Sizilian porturatu dela eta migratzaileak dagoeneko lehorrean direla.   

Halaber, migratzaile horiek hartzeko prest agertu diren herrialdeak Frantzia, Alemania, Italia, Portugal eta Espainia direla azaldu du.

Alabaina, Erkorekak azpimarratu du herrialdeek oraingoz ez dutela erabaki nola egingo duten banaketa. "Egun batzuk igaroko dira hori zehaztu orduko", erantsi du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Frantzia Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Gobernuz kanpoko erakundeen albisteak