Gizartea -
Asteazkenean
Garoñaren itxiera exijitzeko manifestazioa deitu dute Bilbon
Talde ekologistek (Bizi Lur, Eguzki, Ekologistak Martxan), alderdi politikoek (Aralar, Bildu) eta sindikatuek (CC.OO., EHNE, ELA, ESK, LAB) egin dute bat deialdiarekin.
Erredakzioa
Hainbat alorretako hogeitik gora taldek manifestazioa deitu dute zentral nuklearren itxiera exijitzeko, Garoñakotik hasita, datorren asteazkenean Bilbon. Manifestazioa deitu dutenen arabera, "beste elektrizitate bat eta beste elektrizitate kontsumo bat posible da".
Manifestazioa 19:30ean hasiko da Arriaga Plazatik eta Diego Lopez de Haro kale nagusitik Euskadi Plazaraino joango dira, Iberdrola dorrearen pareraino, izan ere, enpresa hori da, Endesarekin batera, Santa Maria Garoñako zentral nuklearraren jabea.
Talde ekologistek (Bizi Lur, Eguzki, Ekologistak Martxan), alderdi politikoek (Aralar, Bildu) eta sindikatuek (CC.OO., EHNE, ELA, ESK, LAB) egin dute bat deialdiarekin "zentral nuklear guztien itxiera, Garoñakotik hasita" lelopean.
Xabier Abian Ekologistak Martxaneko bozeramaileak eta Ainara Plazaola ELAkoak eman dute manifestazioaren berri eta Garoñako zentrala "erabat amortizatuta" dagoela eta "segurtasun arazo handiak" dituela azpimarratu dute. Abianek azaldu duenez, "erreaktorearen ontzia ez dago ondo zainduta".
Alemaniako politika energetikoa jarri dute eredu gisara, duela aste batzuk zentral nuklearrak itxiko dituela hitz eman zuelako Fukushiman gertatutakoaren ondoren. Gainera, energia berriztagarrien eta eraikinen isolamenduan inbertsioak egitearen alde agertu dira.
Energia aurrezteko eta kontsumoa murrizteko deia ere egin dute. Era berean, energia berriztagarrien ekoizpena EAEn "oso atzean" geratu dela azaldu dute, elektrizitate ekoizpenaren % 5 besterik ez baita, eta Nafarroarekin alderatu dute, han % 81era iristen baita.