Gizartea -

M-15 mugimendua

Milaka 'sumindu' kalera irten dira modu baketsuan, baina zarata eginda

Donostia, Gasteiz eta Bilboko kaleak ere hartu dituzte milaka "suminduk" modu baketsuan baina zarata eginez, M-15 mugimenduaren deialdiari erantzunez Espainia osoko hiriburuetan egin den moduan.

8.000 'sumindu' irten dira Bilboko kaleetara. Argazkia:EFE
8.000 'sumindu' irten dira Bilboko kaleetara. Argazkia:EFE
8.000 'sumindu' irten dira Bilboko kaleetara. Argazkia:EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagun atera dira gaur Gasteiz, Bilbo eta Donostiako kaleetara beren "sumintasuna" erakustera modu baketsuan baina zaratatsuan, sortu ez duten ekonomia krisia ez ordainarazteko eskatuz eta horren ardura politikoena eta finantza arloan dabiltzanena dela azpimarratuz.

Bilbon, bertako M-15 mugimenduak deitu duen manifestazioan 8.000 lagun inguruk hartu dute parte antolatzaileek eman dituzten datuen arabera. 18:00ak aldera irten da martxa Jesusen Bihotza enparantzatik eta momentu oro giro lasaian baina zaratatsuan egin da, euskaraz eta gaztelaniaz "Euroaren Itunari ez. Ez gara politikoen eta bankarien esku dagoen merkantzia" leloa zuen pankartak ireki du manifestazioa.

Eusko jaurlaritzaren Ogasun Ministerioren Ordezkaritzaren, Foru Aldundiaren eta Bilboko udalaren eraikinetara iritsi direnean manifestariak gelditu egin dira eta eserialdi txiki bat egin dute eskuak altu zituztela "eskuak gora hau lapurreta bat da" oihukatuz.

Arriaga plazara iritsi direnean mugimenduko lau ordezkarik manifestu bat irakurri dute besteak beste "egungo eredu politiko eta ekonomikoa" kritikatzen duena; eredu hori berdintasunean, duintasunean eta errespetuan oinarritutako alternatibek ordezkatu behar dutela esan dute.

Gasteizen, bestalde, ehunka "sumindu" atera dira hiriko kale nagusietara eta isilean egin dute ibilbidea, "Euroa herritarrentzat ez merkatuentzat" leloa zeraman pankarta baten atzean. "Sumindu zaitez, ez zara merkantzia", "herririk gabe ez zare ezer ez" dira manifestariek zeramatzaten pankarta batzuek idatzita zutena. Parte-hartzaileen artean, berriz, adin guztietako jende ikus zitekeen. Kontzentrazioak minutu batzuetan tranbiaren ibilbidea eten du eta Ajuria Enea Palazioaren aurrean "ez gaituzte ordezkatzen" oihukatu dute, besteak beste.

Donostian ere milaka lagun irten dira kalera; erdigunea zeharkatu dute manifestariek eta Boulevard-ean amaitu da martxa. Han duela hainbat astetatik dagoen kanpaldia gaur altxatzea aurreikusten zen. "Euroaren itunari ez" leloa zeukan pankartaren atzean joan dira manifestariak "bankariek ordain dezatela krisia" edo "indarkeria ez da hilabete amaierara ez iristea" moduko konsignak oihukatu dituzte.

Protestak Nafarroan

Mila lagun baino gehiagok hartu dute parte Iruñeko M-15 mugimenduak deitu duen manifestazioan. Ordubete baino gehiago iraun duen martxan manifestariek hainbat eserialdi egin dituzte kalean, Parlamentuaren eta udaletxearen aurrean, besteak beste.

Espainia guztian

Espainia guztiko hiriburuetan izan dute arrakasta M-15 mugimenduak igande honetarako deitu dituen manifestazioek. Madrilen eta Bartzelonan egin dituztenak izan dira guztietan jendetsuenak, 40.000 eta 70.000 lagun bildu baitituzte hurrenez hurren, beti ere lehen zenbaketen arabera antolatzaileek eman dituzten datuen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea