Gizartea -

Caritasen txostena

EAEko 334.000 lagunek bazterketa soziala pairatzen dute

Etxebizitza duin bat eskuratzeko edo osasun asistentzia izateko aukerarik gabe bizi dira. Gainera, lana izateak ez die pobreziatik ateratzea bermatzen. Gehienak emakumeak dira.

Kalean bizi den pertsona baten irudia. Argazkia: pixabay.com
Kalean bizi den pertsona baten irudia.
EAEko 334.000 lagunek bazterketa soziala pairatzen dute

1:27

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko 334.000 herritar gizarteak baztertuta bizi dira, eta 194.000k bazterketa sozial "gogorra" pairatzen dute.    

Hala erakutsi du Caritasek eta Foessa fundazioak egindako ikerketa batek. Txostenaren ondorio nagusiak gaur goizean aurkeztu dituzte Donostian egindako agerraldi publiko batean.

Bazterketa sozialari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuko tasarik baxuena dauka, Errioxa, Kantabria eta Asturiasen atzetik.  

Alabaina, azken bost urteotan ez da onerako aldaketarik izan eta EAEko herritarren % 15,2 gizarteak baztertuta bizi dira.

Gainera, herritarren % 8,8k bazterketa sozial "gogorra" jasaten dute eta "arrisku handiko egoeran" bizi dira.

Ikerketaren arabera, baztertuta bizi diren pertsona horiek etxebizitza duin bat eskuratzeko eta osasun asistentzia bermatzeko aukerarik gabe bizi dira. Langabezian daude, eta enplegua izanez gero, lan prekarioak egiten dituzte eta ez dute diru nahikorik biltzen pobrezia egoeratik ateratzeko.  

Gainera, une honetan integratuta bizi badira ere, 360.000 pertsona inguru (biztanleriaren % 16,4) arrisku egoeran daude, eta kolektibo hori izango da atzeraldi ekonomikoaren ondorioak pairatzen lehenak.

90.000 pertsona inguru, berriz, "muturreko bazterketa egoeran" bizi dira. Egunez egun bizirik irautea da haien helburua.

Bestalde, ikerketak ondoko datua ere atera du argitara: errenten arteko aldea gero eta handiagoa Euskal Autonomia Erkidegoan. Hau da, pobreak pobreago eta aberatsak gero eta aberatsago.

Horrez gain, baztertuta bizi diren pertsona gehienak emakumeak dira, 45 eta 64 urte bitartekoak.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak