Gizartea -
DEIALDIA
79 adin txikikorentzat harrera familiak behar dira Gipuzkoan
Foru Aldundiko Gizarte Gaietarako diputatuak egin du deialdia Harrera Familien XIX Topaketaren baitan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
79 adingabe harrera familia zain dira Gipuzkoan, Maite Peña Foru Aldundiko Gizarte gaietarako diputatuak larunbat honetan jakitera eman duenez. Eskari horren berri Donostian, Gipuzkoako Aldundiak, Beroa elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren familia harrerari laguntza teknikoa emateko zerbitzuak eta Agintzari programak antolatutako Harrera Familien XIX. Topaketan eman du Peñak.
Jardunaldi honen inaugurazioan adierazi duenez, gaur egun Gipuzkoan 345 adin txikiko bizi dira harrera familietan, eta beste 60 gaztek harrera familiekin bizitzen jarraitzen dute 18 urte bete ondoren.
Harrera familien sarea gero eta handiagoa dela esan du, baina ez dela nahikoa egungo beharrak asetzeko. Izan ere, une honetan 79 haur eta nerabe daude babeseko "alternatiba ezin hobe" honi heltzeko zain.
79 haur horiek "familia giroa erreproduzitu" nahi duten zentroetan bizi dira, "hezkuntza arloko profesionalek lagunduta".
Zain diren haur horietako 35 familia boluntarioek har ditzakete, eta 44 familia espezializatuek hartu beharko lituzkete, Peñak zehaztu duenez.
Azken familia mota horiek bultzatzeko asmoz, Maite Peñak iragarri du harrera espezializatuko programak "protagonismo berezia" izango duela datorren urtean. Hala, "kualifikazio espezifikoa eta erabateko prestutasuna" eskatzen duen harrera modalitate hori pixkanaka areagotzeko lan egingo dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar batean zehaztu duenez, gaur egun 12 familia espezializatu daude lurraldean eta helburua 30era iristea da. Izan ere, harrera-tipologia horrek "behar gehien duten adingabeei, behar bereziak dituztenei, aukera ezin hobea eskaintzen die garapen pertsonalerako".
Gipuzkoako Harrera Familien inguruko webgunea
Telefonoa: 943 11 25 22
Emaila: familiaharrera@gipuzkoa.eus