Gizartea -
Nafarroaren Eguna
ADACEN Nafarroako Garuneko Lesioaren Elkarteak Nafarroako Urrezko Domina jaso du
Maria Chivite Foru Erkidegoko presidenteak ADACENek gaixoekin eta horien senide eta ingurukoekin erakutsitako "konpromiso erraldoia" goraipatu du.
Agentziak | Erredakzioa
ADACEN Nafarroako Garuneko Lesioaren Elkartearen presidente Jose Luis Herrerak Nafarroako Urrezko Domina jaso du astearte honetan, Maria Chivite Foru Erkidegoko presidenteak emanda. Horrela, aipatu erakundeak azken 25 urteotan gaixotasun hori pairatzen duten pertsonekin egindako lana goraipatu nahi izan dute.
Kultura Departamenduko klaustro isabeldarrean egindako ekitaldi instituzionalean, Nafarroako agintari nagusiak eta hainbat erakunde sozial eta ekonomikoren ordezkariak bertan zirela, ADACENek gaixoekin eta horien senide eta ingurukoekin erakutsitako "konpromiso erraldoia" nabarmendu du Chivite presidenteak.
Lan hori giza beharretan eta osasun-beharretan oinarrituta abiatu zen, eta aurrera egin du, "ausardiaz, ezinbestekotzat jotzen dugun eremura, berrikuntza garapenaren motortzat hartzen duen eremura, ez bakarrik arlo ekonomikotik, baizik eta arlo sozialetik eta osasun-arlotik ere".
"Zuen ausardiari eta apustu ausartari, ADACENen lan egiten duten arlo askotariko profesionalen lana gehitu behar zaio, bai eta boluntarioen lana ere; horiek euren denbora eta maitasuna ematen dute gaixoen alde", gaineratu du Chivitek.
Jose Luis Herrera ADACENeko presidenteak golardoa eskertu du, eta "giza beharretako eta osasun-beharretako irabazi-asmorik gabeko eredu baten alde lan egiten duten Cermineko erakundeekin" partekatu du.
"Osasuna sustatzen duen bere jarduera eredugarri eta solidarioa"
Nafarroako Gobernuak "osasuna sustatzen duen bere jarduera eredugarri eta solidarioagatik" erabaki zuen, duela aste batzuk, Urrezko Domina ADACENi ematea.
ADACEN 1990eko hamarkadaren hasieran sortu zuten hartutako garun kaltea pairatu zuten pertsonen senitarteko batzuek, arretarako baliabiderik eta familiei laguntzeko sarerik ez zegoelako.
Egun, ADACENek 1.000 bazkide baino gehiago eta 50 bat profesionalek osatutako diziplinarteko taldea ditu.
Erakundeak fisioterapia, estimulazio fisikoa, logopedia, neuropsikologia eta eskulanak eta jarduera okupazionalak koordinatzen ditu, laguntza soziosanitarioa emateaz gain, eta hartutako garun kaltea pairatu duten pertsonen autonomia eta errehabilitazioa sustatzea du helburu.
Halaber, erakundeak herritar guztiei zuzendutako sentsibilizazio-kanpainak egin ditu, zahartze aktiboa bultzatu, enpresetan iktusari aurrea hartu, osasun eta gizarte zerbitzuetako edo segurtasun zerbitzuetako langileei eskerrak eman eta txirrindulariei kaskoa erabiltzea eskatzeko, besteak beste.
Javier Remirez Nafarroako Gobernuaren presidenteordeak azaroan eman zuen erabakiaren berri, Gobernu bilera amaituta, prentsaurrekoan. Remirezen esanetan, elkarteak "eragin ona" du gizartean, "sentsibilizazioa eta prebentzioa" handitzen laguntzen baitu. Foru Gobernuak onartutako foru-dekretuaren arabera, ADECENek "gizartea hobetzeko laguntza erabakigarria ematen du".
Bigarren urtez jarraian, herritarrek hautagaiak aurkeztu ahal izan dituzte, prozesu parte-hartzaile batean, gizartea hobetzeko, balio demokratikoak finkatzeko eta Nafarroa kanpoan proiektatzeko ekarpena egin duten pertsonen, erakundeen eta taldeen lana nabarmendu nahi dituen sari horretarako.