Gizartea -
AMELI
EAEk ekaitzak utzitako kalteak garbitu ditu, euri eta olatu abisuak daudelarik
Oraindik toki askotan ikus daitezke ekaitzaren ondorioak, Bizkaian eta Gipuzkoan bereziki.
AGENCTZIAK| ERREDAKZIOA
Asteburuan euskal kostaldea jo zuen haizetearen ondorioz, Deustuko (Bilbo) eraikin bateko lau pisu hustu behar izan dituzte. Oraindik garbiketa lanek jarraitzen dute, EAEra euriz eta olatu handiz jositako bi egun datozelarik.
Oraindik toki askotan ikus daitezke ekaitzaren ondorioak, Bizkaian eta Gipuzkoan bereziki. Matxitxakon (Bermeo) 169 kilometro orduko haize-boladak erregistratu ziren.
Haizea baretzen hasi da, baina Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bi abisu hori emango ditu euriagatik eta olatu handiengatik asteartean eta asteazkenean.
Deustuko lau pisuetako bizilagunak haien etxebizitzetatik atera dituzte alboko eraikin bateko fatxada teilatuaren gainera erori ondoren.
Egoera horrek hiru edo lau egun iraungo ditu, konponketa lanak burutu arte eta gerta daitezkeen askatzeak aurreikusi eta konpontzeko.
Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Bizkaiko kanpuseko liburutegian hainbat sabai-leiho hautsi dira eta kalteak izan dira kanpoko zenbait plaketan.
Donostian, Pasealeku Berria eta hiriko parke nagusiak itxi egin behar izan dituzte, kalteak jasan dituzten altzariak eta zuhaiztiak konpondu arte.
Oraindik itsas pasealekuak jotzen ari diren euriteen eta olatuen ondorioz, ezin izan dituzte konponketa lanak bukatu.
Ehun zuhaitz inguru erori edo kaltetu dira ekaitzagatik, igande goizaldean, Gipuzkoako hiriburuan.