Gizartea -
Bilboko Alde Zaharrean
Bilboko hilketagatik atxilotutako bost lagunetatik bi espetxera bidali dituzte
Epailearen aurrean deklaratu ostean, horietako bi Basauriko kartzelara eraman dituzte. Beste hiru, ordea, aske geratu dira, kautelazko neurriekin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joan den ostegunean Bilbon izandako hilketarekin lotuta atxilotutako bost lagunetatik bi Basauriko espetxera bidali dituzte, epailearen aurrean deklaratu ostean. Beste hiru atxilotuak, bi gizon eta emakume bat, aske geratu dira, kautelazko neurriekin.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, larunbat goiz honetan epailearen esku utzi dituzte bost atxilotuak, eta deklaratzen egon dira arratsalde erdira arte. Azkenean, horietako bi kartzelara bidaltzea erabaki du epaileak, eta gainerako pertsonak, bi gizon eta emakume bat, aske utzi ditu, kautelazko neurriekin.
Bilboko Alde Zaharreko Bruno Maurizo Zabala kalean izan zen tiroketa, ostegun arratsaldean, eta egun horretan bertan egin zituzten lehendabiziko atxiloketak. Bi gizon atxilotu zituen Ertzaintzak, gertakariak izan ziren lekutik gertu, hilketaren ustezko egileak zirelakoan. Atzo arratsaldean, berriz, beste bi gizonezko eta emakumezko bat atxilotu zituzten, hilketarekin lotuta.