Gizartea -

Alemanian

Zortzi antibiotiko ezberdinek ez dute eraginik 'E. Coli' berriarengan

'E. Coli' bakterioak kutsatuta dauden 17 lagunek gutxienez Hanburgo inguruan Lubeck herriko jatetxe berean jan zuten, maiatzaren 12 eta 14 bitartean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ez penizilinak, ez sulfamidek, ez zefalotinak. Pekineko Genomika Institutuko ikertzaileek zabaldutakoaren arabera, ''E. Coli'' bakterio mota berriak zortzi antibiotiko mota jasan ditzake inolako eraginik izan gabe.

Bestalde, E.coli bakterioak kutsatutakoetatik gutxienez 17 lagunek Alemaniako Lubeck herriko jatetxe berean jan zuten, Hanburgo inguruan, maiatzaren 12 eta 14 artean, "Lubeck news" egunkari lokalak azaldu duenez.

"Jatetxeak ez dauka inongo errurik, baina agian froga erabakigarriak emango dizkigu gaixotasun hau nola sortu eta zabaldu den jakiteko", azaldu du Werner Solback Lubeck herriko erietxeko mikrobiologoak.

Arriskuen Kudeaketarako Institutuko adituak ostiralean Alemaniako herri horretan bildu ziren hau guztia jakin ostean atera dituzten lehenengo ondorioak mahai gainean jartzeko asmoz. Kaltetuak "talde askotakoak", elkarren artean harremanik ez dutenak eta lehengo hilaren erdialdean jatetxe horretan jan ostean gaixotu zirenak.

"Aipatzekoa da gaixoak oso talde ezberdinetakoak direla. Kaltetuetako zortzi Hanburgon egun batzuk pasatzen ari ziren Danimarkako turistak ziren, eta 30 emakume inguru, berriz, sindikatuko seminario batera joan zirenak", azaldu du Solback doktoreak.

Kieleko Kontsumitzailea Babesteko Ministeriotik baieztatu dute jatetxe horretako hornitzaileen zerrenda ikertzen ari direla eta lokalaren jabeak ahal duten guztia egiten ari direla kasuan laguntzeko, Alemaniako Hoteletako eta Jatetxeetako Elkarteen Presidenteak, Stefan Scholtisek azaldu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea