Gizartea -

EBko produktu batzuetan

E.coli bakterioa kontrolatzeko zaintza areagotu dute AEBek

E.coli bakterioak Europar Batasunean kaltetutako guneetako tomate, pepino eta letxugetan jarri dute atentzioa AEBek; kutsadura zantzua duten produktuak ez dituzte herrialdean sartzen utziko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBetako Gobernuak tomate, pepino eta letxuga inportazioetan zaintza areagotu duela iragarri du, bereziki, Europar Batasunean E.coli bakterioak kutsatutako guneetatik datozen produktu horietan.

Elikagai eta Farmakoen Administrazioak komunikatu baten bitartez azaldu du Europar Batasunarekin eta Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Aurre Hartzeko Zentroarekin "ohiko harremanetan" dagoela, E.coli bakterioa zaintzeko eta Estatu Batuetan egon daitezkeen balizko kasuei "arrastoa jarraitzeko".

"Europan E.coli bakterioak egin duen agerraldiaren harira, Elikagai eta Farmakoen Administrazioak inportazioen gainean protokolo gehigarriak jarri ditu martxan eta kaltetutako guneetako tomate freskoen, pepinoen eta letxugen zaintza areagotu du", azaldu du agentziak.

Produktuei hainbat froga egin ostean, "EFAk ez du kutsatuta egon daitezkeela uste den produkturik sartzen utziko AEBetan, eta kutsadurarik aurkituz gero, beharrezko neurriak hartuko ditu", ohartarazi dute komunikatuan.

"E.coli bakterioaren jatorriari buruzko informazio gehiago sortzen den heinean, osasun publikoa babesteko jarriko ditugu gure indarrak, bereziki muga inguruan", azaldu du.

Elikagai eta Farmakoen Administrazioaren ustez, bakterioaren agerraldiak "ez dio eragin AEBetako elikagaien banaketari" eta "ez dago inolako arrazoirik" estatubatuarrek elikagaien kontsumorako eta erosketarako ohiturak aldatzeko. Edozein kasutan, agentziak dioenez, "adi-adi" daude "behar denean neurriak hartzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea