Gizartea -
Bakterio infekziosoa
'E. coli' bakterioa pertsonek kutsa dezaketela baieztatu dute
Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, kasu guztiek "Alemania iparraldean dute jatorria"; hori dela eta, bakterio arraroaren eragina "gune horretara mugatuta" dagoela adierazi dute.
Erredakzioa
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gaur ziurtatu duenez, E. coli Enterohemorragikoa pertsonek kutsa dezakete, gorozkien bidez edo ahotik.
"Kutsatze horrek kezkatzen gaitu, eta, ondorioz, nork bere higienea zaintzeko mezua azpimarratu nahi dugu", esan du Andrea Ellis Osasunaren Mundu Erakundeko epidemiologoak.
Oraingoz, kasu guztiek "Alemania iparraldean dute jatorria"; hori dela eta, bakterio arraroaren eragina "gune horretara mugatuta" dagoela adierazi dute
Kutsadura, besteak beste, "higiene egoki bat ez izateagatik" eman daiteke; beraz, prebentzio neurri eraginkortzat jo dute komunera joan ostean eta elikagaiak ukitu aurretik eskuak garbitzea.
Gaixotasunaren epizentroa Alemania iparraldean dagoela argi dago, bertan kasuen % 95 eman baitira: 1.213 kasu. Bertako biztanleak edota bertan izandako turistak dira gaixotu direnak. Guztira, 12 herrialdetan zenbatu dira kasuak. Dena den, gaixotasuna zerk eragin duen ez dago oraindik argi.
Hanburgoko ospitalean terapia berri bat erabiltzen hasi dira gaixoak artatzeko. Plasma trukea erabiltzen hasi dira, baita antigorputz terapia ere sistema immunologikoa indartzeko. Lehen aldiz jende askorengan erabili dute.
Alemanian aurkitu den E. coli mota arraroa da baina lehendik ere agertu izan da. Hala ere, ez da inoiz horrelako epidemiarik izan.