Gizartea -

Eguraldia

Uda giroa, urriko asteburu batean

Haizeak hegoaldetik joko du, eta horrek tenperatura maximoak igoaraziko ditu. Termometroek 30 ºC-ak ere harrapa ditzakete.

Bikote bat, Zurriolako hondartza parean, eguraldia ona aprobetxatuta. Argazkia: EFE
Bikote bat, Zurriolako hondartza parean, eguraldia ona aprobetxatuta.
Bikote bat, Zurriolako hondartza parean, eguraldia ona aprobetxatuta. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

25 ºC-tik gorako tenperaturak eta giro eguzkitsu eta lehorra. Hala datorkigu asteburua, eguraldiari dagokionez, eta ez, ez gaude uda sasoian. Dena dela, gurean arras ohikoa da urri partean giro egonkor eta epela izatea; izan ere, haizeak maiz jotzen du hegoaldetik, eta hori da, hain justu, eguraldi horren eragile nagusietakoa.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera, ostiralean tenperaturak nabarmen egingo du gora. Haizeak hego ukitua izango duenez, eguzkiari bazterrak berotzen lagunduko dio, eta litekeena da tenperatura 25 ºC-tik gora igotzea. Goizean goiz behe-lainoa izango den arren, laster altxatuko du eta giro eguzkitsuaz gozatu ahal izango dugu; arratsaldean, erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak sartuko dira hegoaldetik, baina ez dute inolako ondoriorik ekarriko. 

Larunbatean, hegoaldeko haizea harrotu, eta traba apur bat egingo du, bereziki kostaldean eta mendi inguruetan. Haizeak erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak bultzatuko ditu hegoaldetik, eta barnealdean zerua lainotuago ikusiko dugu, bereziki Nafarroa aldean; bertan, arratsaldean zaparrada bakanen bat bota lezake. Egunsentia epelagoa izango da, eta eguneko tenperatura beroenek koska bat egingo dute gora. Hala, termometroak 28-30 ºC-ra igo daitezke isurialde atlantikoan.

Igandean, garbiago egongo da zerua, eta ez da ekaitz arriskurik izango. Akaso epelagoa izango da giroa, eta, beraz, urte sasoi honetarako epelak diren maximoak izango ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak