Gizartea -

Madril

Madrilen farmako baten gaindosiaren ondorioz hil zen ume baten heriotza ikertuko dute

Hain zuzen ere, jaso zuen dosiaren hamarrena zuen aginduta. Haurtxoak bederatzi hilabete zituen, eta gertakaria Gregorio Marañon ospitalean jazo zen, 2019ko otsailean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo epaitegi bat mediku-zabarkeriako eta homizidio zuhurtziagabeko ustezko kasua ari da ikertzen; izan ere, familia batek salatu du bederatzi hilabeteko bere haurtxoa Gregorio Marañon ospitalean hil zela farmako baten gaindosia jaso eta gero. Hain zuzen ere, jaso zuen dosiaren hamarrena zuen aginduta haurtxoak, Espainiako hiriburuko ospitalean.

Senideen salaketa 'Gaixoaren Defendatzailea' elkarteak bideratu du, eta historia klinikoaren hainbat ohar jasotzen ditu, ospitalearen eta hildako haurtxoa artatu zuten sanitarioen aurkako egintzei eusteko. Umetxoa bihotz-arazoak zituen jaio zenetik, eta horregatik bihotzeko transplantea egin behar izan zioten 2018an.

El Mundo egunkariak aurreratu duenez (iturri juridikoek berretsi dute), epaitegiak salaketa tramitera onartu du, eta ikerketa-izapideak abiatzea adostu du.

Salaketak azaltzen du adingabea 2019ko otsailean izan zela ospitaleratuta, eta orduan eman zioten agindutako farmako baten gehiegizko dosia; farmakoa micofenolatoa zen, eta emandako dosia agindutakoa baino hamar aldiz handiagoa izan zen. Salaketa aurkeztu dutenen iritziz, historia klinikoak "ezin hobeto deskribatzen du ondorio hilgarriak izan zituen gertakaria": heste-iskemia, gastritis akutua hemorragiarekin, eta heriotza.

Orain, instrukzioa saiatuko da zehazten medikuak dosia "oker" agindu ote zuen, ala erizainak dosi hori "modu desegokian" erabili ote zuen.

Familiaren eta elkartearen abokatuak eskatuko du haurtxoaren ardura zuten medikuak eta erizainak deklaratzera deitzea, ustezko mediku-zabarkeriak eragindako heriotza honengatik.

Laguntza psikologikorik ez

'Gaixoaren Defendatzailea' elkarteko presidente Carmen Floresek, bere aldetik, deitoratu du ospitaleak "ez diela azalpenik eman gurasoei, eta, batez ere, ez diela laguntza psikologikorik eman, dolu hau gainditzeko".

Kontseilaritzaren iturriek, bitartean, azaldu diote Europa Pressi auzia epaitegietan dagoela, eta Madrilgo Osasun Zerbitzuak eta ospitaleak "gehienezko laguntza emango diotela justiziari, instrukzioan zehar, edozein ardura-mota zehaztu arte".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Madrilgo gertakizunak Osasun albisteak