Gizartea -

Fidantzarik gabe

Espetxera bidali dute Zaragozan atxilotutako bikotea, getxoztarraren hilketa egotzita

34 eta 35 urteko emakumeari eta gizonari hainbat delitu leporatu dizkiete, tartean, hilketa, estortsioa, legez kanpoko atxiloketa eta indarkeriazko lapurreta.

Atxilotuak Zaragozako espetxe batean sartu dituzte. Argazkia: EFE
Atxilotuak Zaragozako espetxe batean sartu dituzte
Atxilotuak Zaragozako espetxe batean sartu dituzte. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaragozako Instrukziozko 6. Epaitegiaren epaileak fidantzarik gabeko behin-behineko espetxealdia ezarri dio Getxoko auzokide bat ustez hil zuen bikoteari. Atxilotuak 24 eta 35 urteko gizon eta emakume bana dira, eta 54 urteko getxoztar bat hil izana leporatu diete.

Sexua izateko proposamena egin zion emakumeak biktimari Interneteko aplikazio baten bitartez, eta Pedrola udalerrian elkartu zirenean, hil arte kolpatu egin zuten gizona, lapurtzeko helburuz.

Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, epailearen aurrean deklaratzeari uko egin diote atxilotuek, aurretik Guardia Zibileko ikerlarien aurrean deklaratu zuten arren.

Hainbat delitu egotzi dizkiete atxilotuei, tartean, hilketa, estortsioa, legez kanpoko atxiloketa eta indarkeriazko lapurreta, Jose Antonio Delgado Fresnedo Getxoko auzokidearen hilketarekin eta bizirik atera ziren beste bi biktimekin lotuta.

Ikerlariek hiru miaketa egin dituzte Pedrola eta Luceni udalerrietan, eta bertan bildutako froga anitzak aintzat hartu ditu epaileak atxilotuak kartzelara bidaltzeko, besteak beste, armak, sokak eta hildakoaren DNA arrastoak.

Guardia Zibilak ikertzen jarraitzen du, eta beste bi lagun atxilotzea espero du. Horietako bat ihes egin zuen krimenaren ostean, Guardia Zibilak uste duenez.

Dirudienez, biktimak aukeratu ostean, "muturreko indarkeria" erabiltzen zuen talde horrek biktimei euren txartelen pasahitzak lapurtzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Getxo Bizkaia Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Lapurretak albisteak Giza hilketak