Gizartea -
Indarkeria matxista
Donostiako sexu-erasoagatik atxilotutako gizona udal-langile bat da
Erasoa irailaren 19an gertatu zen, Intxaurrondo Gizarte Etxean. Bertan, kiroldegi txiki bat dago, eta erasoa kiroldegi horretan pairatu zuen biktimak.
Agentziak | Erredakzioa
Irailaren 19an emakume batek Donostian jasan zuen sexu-erasoa kiroldegi batean gertatu zen, eta eraso horregatik atxilotutako gizona Donostia Kirola Udal Patronatuko langilea da, Eneko Goia alkateak astearte honetan jakitera eman duenez.
Donostiako Udaleko Gobernu Batzarrean adostutakoaren berri emateko deituta zuen prentsaurrekoan eman ditu datu horiek Goiak, kazetarien galderei erantzunez.
Sexu-erasoa Intxaurrondo Gizarte Etxean izan zen. Bertan, kiroldegi txiki bat dago, eta gimnasioa eta igerilekua daude bertan.
Erasoa duela bi aste gertatu zen, baina salaketa astelehenean aurkeztu zuten. Egun horretan bertan atxilotu zuen Ertzaintzak susmagarria, erasoarekin lotura zuelakoan.
Donostiako Udalak "erabat" gaitzetsi zuen gertaturikoa, eta elkarretaratzea egin du eguerdian erasoa salatzeko.