Gizartea -

Garraioa

Bilbobusek 15 ibilgailu hibrido berri ditu astelehen honetatik

4,2 milioi euro baino gehiago inbertitu dituzte horretarako. Urtea amaitu aurretik, flotaren % 20 berrituko dute; egun, 141 unitate ditu.

Artxiboko irudian, Bilbobuseko autobus bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Artxiboko irudian, Bilbobuseko autobus bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Artxiboko irudian, Bilbobuseko autobus bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbobusek 15 ibilgailu hibrido berri ditu astelehen honetatik. Alfonso Gil alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak aurkeztu ditu, eta, aurkezpen-ekitaldian adierazi dutenez, isurpenak % 8,5 murriztuko dituzte, eta hiri-garraioaren eraginkortasuna hobetuko dute. Mercedes Benzek diseinatutako eta egindako autobusak dira, Citaro-Hybrid Euro VI modelokoak.

Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun Arloak, hortaz, "beste aurrerapauso bat eman du Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Ituna sinatu zuenean hartutako konpromisoak betetzeko; herritarren ongizatea hiri-garapenaren erdian kokatzen du Itun horrek", nabarmendu du Gilek.

"Erosketa hauekin, jarraitzen dugu bideratzen mugikortasun-politikak osasunaren eta herritarren bizitza-kalitatearen hobekuntzara, eta beste aurrerapauso bat ematen dugu flota publikoaren 'isurpenik gabe' aukerak hartzeko; gure xedea da partikula kutsagarrien isurpenak mugatzea, bai eta karbono dioxidoarenak ere", adierazi du zinegotziak.Hala, urtea amaitu aurretik, flotaren % 20 berrituko du Udalak. Egun, 141 unitatek osatzen dute flota hori; ondorengo hilabeteotan, beste 15 ibilgailu hibrido bereganatuko ditu Bilbobusek, bai eta bi elektriko ere.

12 metro, eta hiru ate

Ibilgailu hibrido hauek 12na metro luze dira, eta hiruna ate dituzte; hirugarren atean, ez du eskailera-mailarik. Bilbobus modernoen irisgarritasun-baldintza guztiak betetzen dituzte, eta itxuraz gainerako ibilgailuak bezalakoak dira; aldea motorrean dute.

Udalak azaldu duenez, ibilgailu hibridoen oinarrizko funtzionamendua "oso erraza da". Autobusek abiadura txikiagotzen dutenean, motor elektrikoak sorgailu baten kontrakoa balitz bezala lan egiten du, eta balaztaren energia korronte elektriko bilakatzen du. Korronte hori baterian bildu eta motor elektrikoaren esku jartzen da, egoera jakin batzuetan errekuntza-motorraren ekintza laguntzeko, bereziki abian jartzen denean.

Bilbobuseko autobus berriek itsuei edo entzumen-urritasuna duten pertsonei laguntzeko sistema bat dute. Gainera, sistema horrek abisu-argiak ditu aurrealdeko atean, bai eta garraio-tituluen banagailuaren eta horiek balioztatzeko makinaren azpian ere. Braillez idatzitako inskripzioak dituzten pultsadoreak ere badituzte autobusek, eta geldialdia edo arrapala eskatu direla abisatzeko mezulari akustiko eta optikoa gaztelaniaz eta euskaraz dago.

Halaber, Bilbobus berriak mugikortasun urriko pertsonentzako egokituta daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo berriak Bizkaia Gizartea PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena azken ordukoa Bilbobus azken ordukoa Garraio publikoa gaur