Gizartea -
Sexu-esplotazioa
EAEn ia 2.000 emakume prostituzioan ari dira
Euskadin emakume eta nesken salerosketaren eta sexu-esplotazioaren egoera ezagutzeko txosten bat landu du Emakundek.
Agentziak | Erredakzioa
2018an, 1.968 eta 2.292 emakume artean prostituzioan jardunean omen zeuden EAEn. Emakundek, Emakumearen Euskal Erakundeak, ikerketa-lan bat abiatu du, ardatz gisa Euskal Autonomi Erkidegoan prostituzioan aritzen diren emakumeak hartuta.
Gaur pertsonen salerosketa eta sexu-esplotazioaren aurkako nazioarteko eguna izanda, ikerketa horren hainbat datu ezagutzera eman ditu, eta emaitza guztiak aurki aurkeztuko dituzte.
Ikerketa hori egiteko, Carmen Meneses irakasleak zuzendutako talde batek "Emakume eta nesken salerosketa eta sexu esplotazioa Euskadin" txostena landu du.
Txostenaren arabera, hainbat arrazoirengatik zaila da jakitea zenbat diren egoera horretan dauden emakumeak, baina uste da egoera hori ez dela Euskadin prostituzioan ari diren emakumeen artean gailentzen. Hala ere, Gobernuz Kanpoko Erakundeen eta kontsultatutako iturrien arabera, % 10 eta % 15 bitartean egon daitezke egoera horretan. Bestetik, poliziaren lanaren emaitzen arabera, 2018an 92 emakume detektatu dira salerosketaren biktima posible bezala, eta horietatik 17 izan dira azkenik horrela identifikatuak.
Txostenaren arabera, detektatutako emakume horiek guztiak atzerritarrak dira, Latinoamerika, Asia, Afrika eta Ekialdeko Europakoak, eta gazteak, 18 eta 35 urte bitartekoak. Jatorria aldakorra da, garai bakoitzaren migrazioaren joan-etorriaren arabera.