Gizartea -
Polizia-operazioa
Hitzorduetako web-orrien erabiltzaileei estortsioa egiten zieten 10 lagun, atxilotuta
Biktima batzuk Euskal Herrikoak dira. Atxilotuek kontaktuen web orri ezagun bat erabiltzen zuten, biktimak "erakartzeko", eta, gerora, estortsioa egiten zieten.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak 10 lagun atxilotu ditu, talde kriminal bat osatzen zutelakoan; talde horren xedea zen hitzorduetako web-orri batzuen erabiltzaileei estortsioa egitea, "modu oldarkorrean". Atxilotuek biktimak mehatxatzen zituzten, esanez sare sozialetan zuten jarduera zabalduko zutela, eta euren familiei jakitera emango zietela. Biktimen artean, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako erabiltzaileak daude.
Barne Ministerioak zabaldu duenez, operazioa Donostiako eta Teruelgo Guardia Zibilek egin dute, eta Valentzian egin dituzte atxiloketak. Atxilotuak Estatu osoan aritzen ziren.
Involvent/Monaliza izeneko operazioko atxilotuei (horietako bederatzi kartzelan daude dagoeneko), estortsioko, kapitalak zuritzeko eta erakunde kriminaleko delituak egozten zaizkie.
Kontaktuen web orri bat
Sarea osatzen zuten lagunek kontaktuen web orri ezagun bat erabiltzen zuten, biktimak "erakartzea" xede; guztira, ehun biktima baino gehiago daude. Azken horiek, txertatutako iragarkiekin kontaktatuta, mezuak jasotzen hasten ziren, WhatsApp-en edo telefono-deien bidez; mezu horietan, diru-kopuru handiak eskatzen zizkieten, eta esaten zitzaien topaketa horien berri senideei emango zietela, edo sare sozialen bidez zabalduko zutela, diru hori eman ezean.
Hasiera batean, modu estalita batean eskatzen zuten ordainketa; vaina, gerora, mehatxuen oldarkortasuna areagotzen zuten, eta batzuetan biktimek heriotza-mehatxuak ere jasotzen zituzten.
Talde kriminalak 700.000 euro baino gehiago lortu dituelakoan daude. Guardia Zibilak ohartarazi du estortsio-mota hau ohikoa dela Estatuan, eta kaltetuei gomendatzen die salaketa egitea eta diru-kopururik ez ematea.