Gizartea -
Epaiketa
Epaiaren zain geratu da Tuterako krimenaren epaiketa
Fiskaltzak 13 urteko kartzela-zigorra eskatu du hiru auzipetuentzat, homizidioa egotzita. Akusazio partikularrak hilketa izan zela uste eta, ondorioz, 20 urteko espetxealdia galdegin du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaur amaitu da 2016ko azaroan Tuteran izan zen hilketagatik asteon abiatutako epaiketa. Azken saioan aldeek euren ondorioak aurkeztu dituzte eta orain herri-epaimahaiak ebazpena eman beharko du.
Wilson Alejandro Yanza Heredia itota hil zuten azaroaren 3an eta haren gorpua Ebro ibaian topatu zuten, Castejon parean.
Auzipetuak hiru dira: biktimaren emaztea eta honen bi ilobak. Fiskaltzak homizidioa egotzi die eta 13 urteko kartzela-zigorrak eskatu ditu. Akusazio partikularraren arabera, hilketa izan zen eta, ondorioz, 20 urteko zigorrak galdegin ditu. Defentsak, ostera, hirurak absolbitzea eskatu du.
Fiskalak azaldu duenez, emazteak prestatu zuen krimena. Hiru auzipetuek eta biktimak liskar handia izan zuten eta ilobetako batek lepoa indarrez estutu zion, gizona hil arte.
Ebazpena hilaren 16an emango du herri-epaimahaiak.