Gizartea -
GENERO INDARKERIA
Emakume baten heriotza ikertzen ari dira Tenerifen, hilketa matxista delakoan
Lehen hipotesien arabera, bikotekideak (54 urteko gizona) pozoituta hil zuen, eta bere buruaz beste egin zuen gero.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kanaria uharteetan, Tenerifen, Polizia 54 urteko emakume baten heriotza ikertzen ari da, hilketa matxista izan daitekeelakoan.
Emakumearen hilotza alabak aurkitu zuen igandean, La Laguna udalerriko bere etxean. Gorpuak ez zuen indarkeria zantzurik. Ordu batzuk geroago, emakumearen bikotekidea, 54 urteko gizona, urkatuta agertu zen. Lehen hipotesien arabera, gizonak pozoituta hil zuen emakumea, eta bere buruaz beste egin zuen gero.
Genero Indarkeriarako Gobernuaren Ordezkaritzak zabaldutako informazioaren arabera, susmoak baieztatuz gero, aurten bikotekideak edo bikotekide ohiak Estatuan hildako 41. emakumea litzateke.
"Balizko genero indarkeria kasu bati buruzko datuak biltzen ari da Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza. Baieztatuko balitz, 2003tik genero indarkeriagatik hildako 1.016. emakumea litzateke; aurtengo 41.a", adierazi du Twitter sare sozialean zabaldutako mezuan.
Espainiako Gobernuak Kanaria uharteetan duen ordezkariaren esanetan, ez zegoen gizonaren aurkako salaketarik. Bi gorpuei egindako autopsien emaitzak izan arte, hipotesi guztiak daude zabalik.
____________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.